Emaitza onak Espainiako pista txapelketan

Iriondo, Jiménez eta Rivas, euren dominekin. /  GOIZARIN
Iriondo, Jiménez eta Rivas, euren dominekin. / GOIZARIN

GOIZARIN OIARTZUN.

Pasa den asteburuan Espainiako txapelketa jokatu zen Tafallan eta hantxe parte hartu zuten hiru oiartzuarrek: Ekain Jimenez Elizondo, Kattalin Iriondo Gaztelumendi eta Ekhiñe Rivas Ruiz.

Oso lan polita burutu ondoren jasotako emaitzak ere bikainak izan dira: alde batetik, Iriondok zilarrezko bi domina lortu zituen, taldeko jazarpenean eta scrach-ean; bestetik, Rivasek ere bi zilarrezko domina irabazi zituen, taldeko jazarpenean eta abiaduran, eta brontzea, bakarkako abiaduran; azkenik, Jimenezek Mallorcan, Madrilen eta Valentzian jokatu diren Espainiako Kopan lehen postua erdietsi ondoren, Espainiako txapelketan ere maila mantentzea lortu zuen. Izan ere Oiartzungo txirrindulariak urrezko dominak lortu ditu taldeko abiaduran, bakarkako abiaduran eta kilometroko proban.

Espainiako probak burututa, orain Europa eta mundu mailako probak prestatzeari ekin dio Ekain Jimenez gazteak, Espainiako selekzioarekin. Kattalin Iriondok eta Ekhiñe Rivasek ere gogor lan egin dute eta hortxe daude haiek lortutako emaitza bikainak ere. Zorionak hiruei!