Elorsoro Kiroldegia denboraldi berriari aurre egiteko prest

Piszina txikiko ertzak konpondu dituzte arriskutsua ez izateko./KOXKO
Piszina txikiko ertzak konpondu dituzte arriskutsua ez izateko. / KOXKO

Aldaketa, konponketa eta berrikuntza ugari egin dituzten arren, gehiago egingo dituztela iragarri dute

KOXKO DVOIARTZUN@HOTMAIL.COMOIARTZUN.

Hilaren 5ean itxi zuten Elorsoro Kiroldegia, ohikoa den moduan, konponketak, garbiketa eta aldaketa batzuk egiteko. Urtero errepikatzen da itxiera hau, izan ere, urte guztian zehar zabalik eta jendez lepo ibili ohi den zerbitzu honek ere atseden hartu beharra dauka, indarberriturik itzultzeko. Astelehenean zabaldu zuten, hamabost egun itxita eman ondoren. Odei Fraile Urra, kiroldegiko arduradun nagusiarekin izan gara eta hamabostaldian egindako guztiaz azalpen ugari eman ditu.

Terma sailari dagokionean, konponketa orokorra egin dute. Behar bezala funtzionatzen ez zuten makina eta esparru batzuk puntu-puntuan ipini dituzte. Besteak beste, sauna, lurrun bainua eta oheak konpondu dituzte. «Konponketa horien ostean, terma saila erabateko funtzionamenduan dagoela esan dezakegu» aitortu du Odeiek.

Bestalde, konponketa eta aldaketa txiki ugari egin dituzte. Igogailua eta eskilarak aurkitzen diren eremuko horma guztiak margotu dituzte, zuriz eta berde argiz. Halaber, igerileku txikiko eremua aldez alde berritu dute, irrist egiteko arriskua ekiditeko. Taberna barruko mahai eta aulki guztiak ere berritu dituzte. Saskibaloi pistako tableroa konpondu dute, lona guztia egokitu dute eta hoditeria guztia berritu dute. Hau guztia gutxi balitz, garbiketa sakona egin dute kiroldegiko txoko guztietan.

Rokodromoari dagokionez, aurki hasiko dira berrikuntza handiak egiten. Aspaldian bazkideek gehien egiten duten eskaera izanik, proiektuan lanean hasi dira. Presa berriak jarriko dituzte eta horma batzuen ibilbidea nahiz zailtasuna aldatuko dute. Era berean, muskulazio eta kardio gelan ere aldaketak eskatzen dituzte bazkideek. Datozen urtetan, bi gela hauetan proiektu handi bat egiteko xedea dute, udalaren laguntzarekin. Makina berriak ekarriko dituzte eta esparru osoaren aldaketa sakona egingo dute.

Irailean kirol jarduera berezietan parte hartzeko abagunea izango da Elorsoron. Hamabi jarduera izango dira guztira, hurrenez hurren, aerobic, aquagym, cycling, haurren eta helduen eskalada, hipopresiboak, kick boxing, multifitness, pilates, tonifikazioa, yoga eta zumba. Hilabete osoan zehar izango da jarduera hauek burutzeko aukera eta izen emate epea zabalik da dagoeneko.

Urrian ere berrikuntzak

Urrian ohiko eskaintzarekin jarraitzeaz gain, berrikuntza batzuk izango dira. Besteak beste, haur eta gaztetxoen igeriketa ikastaroa eskainiko dute ostiral arratsaldetan eta larunbat goizetan. Gainera, eskalada, pilates, tonifikazioa, entrenamendu funtzionala eta aquagym talde gehiago eskaniko dituzte ordutegi ezberdinetan. Amaitzeko, jarduera berri batzuk gehituko dituzte, adibidez, defentsa pertsonala, korrika taldea, gazte-fitnessa, bizkar osasuntsua eta shuffle dancea. Izen emate epea datorrena stean zabalduko da.

Nahiz eta Elorsoro Kiroldegiko eskaintza paregabea izan, ezin daiteke ahaztu udako igerilekua irailak 15era arte zabalik egongo dela betiko ordutegian, hau da, 11:00tatik 20:00etara.