Elkartasunez beteriko 11.830 euro bildu dituzte oiartzuarrek migratzaileen alde

Gazte eguneko suziria jaurti zuten ekimenaren antolatzaileek./KOXKO
Gazte eguneko suziria jaurti zuten ekimenaren antolatzaileek. / KOXKO

Gaiaren inguruko kontzientzia sortzeaz gain, Aita Mari Zubia itsasontziarentzat oiartzuar herritar bakoitzeko euro bat biltzea zen helburua

KOXKO DVOIARTZUN.

Pasa den apirilean sortu zuten Oiartzungo ekintzaileek 10301 Elkartasun Keinu Taldea. Izenaren jatorria Oiartzungo biztanle kopuruan dago. Izan ere, ekimen eder honen xedea zen herritar bakoitzak euro bat ipintzea, honela, 10.301 euro lortu eta Mediterraneoan bizia jokatzen ari diren migratzaileei laguntza eta babesa ematea.

Hilabete batzuen ostean, ederki bete dute proposatutako xede oro eta herriaren inplikazioarekin pozik agertu dira. Oiartzun herria, harrera herria da eta horren erakusle da lortutako diru kopuru handia. 10301 Elkartasun Keinu Taldeak bere ekintzekin lortutako 8.000 euroez gain, elizak 3.200 euro eman ditu eta xanistebanetako gazte egunean 630 euro bildu ziren. Elkartasunez beteriko 11.830 euro guztira.

Egoera latza Mediterraneoan

Gaur egun, asko dira Europara migratzen duten pertsonek beren herrialdetako miseriak, ezegonkortasunak, krisiak nahiz gerrak direla-eta. Etorkizun hobe baten bila etortzen direnetako batzuk afrikarrak dira eta bide formaletatik etortzea ezinezkoa dutenez, Mediterraneo itsasoa gurutzatu behar izaten dute, beren bizia arriskuan ipiniz. Ondorioz, egoera bortitzak pairatzen dituzte bidean, besteak beste, gosea, intsolazioak, hipotermiak, naufragioak, bortxaketak, sexu abusuak... Gurutzatzen ahalegintzen direnetatik askok ez dute bizirauten, itota edo bidaia gogorraren eraginez, hil egiten dira. Mediterraneo itsasoa, munduko hilerri handiena da, munduko heriotza tasa altuena duen migrazio itsasbidea.

Horren aurrean, Itsas Salbamendu Humanitarioak sustatutako Aita Mari Zubia itsasontziak, pertsona profesionalen eta bolondresen bitartez, libiar zonaldeko nazioarteko uretan dauden naufragioak erreskatatzen egiten du lan. Gobernuak jartzen dizkien zailtasun eta oztopo guztiak gaindituz, pertsona horien sufrimendua eta heriotza saihesteko ahaleginak egiten dituzte.

10.301 elkartasun keinu

Gaiarekin arduraturik eta Aita Mari Zubia itsasontziko bolondresekin elkarlanean, Oiartzungo herritar talde batek kontzientziazio, sentsibilizazio eta solidaritate hilabetea osatu zuen apirilean. Antolatutako ekintzen helburua, gaiaren inguruko kontzientzia sortzeaz gain, Aita Mari Zubia itsasontziarentzat oiartzuar herritar bakoitzeko euro bat biltzea izan zen, hau da, 10.301 euro.

Ekintzek harrera oso ona izan zuten eta herritar asko inplikatu ziren hilabete osoan zehar, esparru eta adin oso ezberdinetako jendea. Horrela, gaia jendartean zabaldu zuten eta elkarrekin hitz egin, hausnartu, emozionatu eta partekatzeko tartea izan zuten. Hilabete amaieran, Aita Maria itsasontziko kideei bidaltzeko 8.000 euro inguru lortu zituzten.