Elizalde Herri eskolan ari dira Ihoteen prestaketa lanetan

Dantza entseguak. /  GOIZARIN
Dantza entseguak. / GOIZARIN

Hurrengo asteburuan ospatuko dira eta «umore pixka bat» besterik ez da behar parte hartzeko

GOIZARIN

Aurtengo Ihoteak hilaren 22-23-24 asteburuan ospatuko dira Oiartzunen eta Elizalde Herri eskolan dagoeneko hasi dira lanean. Alde batetik, euskal dantzak ikasteko entseguak egiten ari dira ostiralero jangelan, arratsaldeko 16:45etik aurrera. «Oso dantza errazak dira, berehala ikasten direnak; umore pixka bat eta kalejirarako gogoa baino ez dira ezinbesteko, eta hori taldeko giroak pizten du», adierazi dute Elizalde Guraso Elkarteko kideek. Izan ere, Elizalde Herri Eskolak Ihote taldearekin batera antolatuko du hilaren 24an ospatuko den Karroxa. Beheko plazatik abiatuko da kalejira alaiak lagunduta.

Bestetik, eskolako gurasoek zakua egiteko tailerra antolatu dute. «Ostiral arratsaldeetan, dantzetako entseguen ordu berean jangelan izaten gara zakuen prestaketa lanetan laguntzen», zehaztu dute. Hortaz, gaurko ostirala geratzen zaie dantzak behar bezala ikasteko.