Elizalde Egunean, giro beroa

Elorsoro kiroldegian burutu zen igande goizeko jarduna. /  GOIZARIN
Elorsoro kiroldegian burutu zen igande goizeko jarduna. / GOIZARIN

GOIZARIN OIARTZUN.

Pasa den igandean ospatu zen Elizalde Eguna. Euria goian behean izan arren, ez zuen festa zapuztea lortu. Krosa bertan behera geratu zen, baina hortik aurrekoak bikain atera ziren. Goizeko 10.30etik aurrera, familia giroan ikasleen lanak ikusteko aukera izan zuten eskolako kideek, eta «merezi izan zuen bisitak!», diote Elizaldeko Guraso ordezkariek. «Eskola goitik behera apainduta, 'Hitz bat, mila irudi' egitasmoaren baitan 'Kontrapas' kantuaren gainean egindako maketak eta lanak ikustekoak ziren», azpimarratu dute.

Gero, judo erakustaldia bukatu eta Elorsoron jarraitu zuen festak, euritan dantzan, baina busti gabe. Soinketa erritmikoa, soinketa akrobatikoa eta euskal dantza ikusteko aukera izan zuten lehenengo, eta, 12.00ak aldera, emanaldi nagusiari eman zitzaion hasiera. Jendeak ordurako Elorsoroko harmailak bete zituen, eta HH2tik LH6ra bitarteko ikasleek ikuskizun bikaina eskaini zuten. Lehenik eta behin, Guraso Elkarteko kideek iragarri bezala, DBH4ko ikasleak agurtu eta HH2ko haurrei eman zitzaien ongietorria. «Oso momentu polita izaten da bi belaunaldi hauen elkarketa», gaineratu dute.

Hortik aurrerakoak ere «bikain» joan ziren. «LH6ko hiru neska-mutilek egin zituzten aurkezle lanak, eta emanaldi nagusiari hasiera eskolako hiru irakasleren artean prestatutako abesti zoragarri batek eman zion». Festa hasi besterik ez zen egin, ordea. «Zikloz zikloko emanaldiak paregabeak izan ziren, eta azken sorpresa ere mundiala; irakasleen dantza martxosoa, hain zuzen».

Arratsalde partean giroak bero jarraitu zuen. Txikienak tailerretan, jolasetan murgilduta, handixeagoak puzgarrietan eta gainerakoak, dantzan, Mikeltxi DJaren aginduetara. «Oso arratsalde pasa polita izan zen, eta giroa, berriz, ezin hobea», laburbildu dute.