Ekain Jimenezek brontzezko domina lortu du Europako txapelketan

Ekain Jimenez. / DV
Ekain Jimenez. / DV

Datorren hilabetean Frankfurt hirian burutuko den munduko txapelketan parte hartuko du

KOXKOOIARTZUN.

Ekain Jimenez Elizondo aurreko aste osoan zehar lehiatu zen Espainiako selekzioarekin, Belgikan jokatutako Europako txapelketan. Egindako entrenamenduen ondorioz, espero zen bezala, denborak hobetzea lortu zuen.

Kilometroko proban 24 partaideren artean 5. postua eskuratu zuen, eta hori gutxi balitz, Espainiako errekorra gainditzea lortu zuen. Banakako abiadura proban 8. postua lortu zuen, taldekako abiadura proban bezalaxe. Keirin proban lortu du emaitzarik onena, eta bide batez, brontzezko domina, 3. postua eskuratu baitu errepeskan.

Hilabete eskas edukiko du orain Ekain Jimenezek atseden hartzeko, izan ere, abuztuaren 7an abiatuko da Alemaniara, Frankfurt hirira hain zuzen. Berriz ere Espainiako selekzioarekin, munduko txapelketan parte hartuko du bertan, abuztuaren 14an hasiko diren probetan. Lehiaketa ona egiteko itxaropena duela adierazi du oiartzuarrak.