Eguraldi kaxkarra izan arren, bisitari ugari San Anton egunean

San Anton ermitaren inguruan elkartu ziren aurtengoan ere. /  A.D.C.
San Anton ermitaren inguruan elkartu ziren aurtengoan ere. / A.D.C.

GOIZARIN OIARTZUN.

Joan den igandean, San Anton egunez Endara auzora gerturatu zirenek eguraldi kaxkarra izan zuten goizean. Baina inork ez zion huts egin urtarrilaren erdialdeko zita ezagunari eta batzuek oinez, besteak kotxez, bazen zaldi gainean inguratu zena ere. Izan ere, Oiartzungo, Errenteria-Oreretako, Lesakako, Berako eta Irungo bizilagunek ohitura dute San Anton ermitara joateko haren egunean.

Hortaz, izan zen meza aditzera, erroskillak edo taloak erostera eta dantzatzera animatu zenik ere. Olaizolak eta Narbaintzak jotako piezen doinuekin dantzan gustura ibili ziren hainbat dantzari.

Oiartzuar ugari San Antonen

Esan bezala, oiartzuarrek ez zioten huts egin San Anton bisitatzeari. Mendizale borrokatuak, batzuek oinez egin zuten ibilaldi osoa. «Goizean goiz oinez atera gara etxetik eta iritsi berriak gara», zioten harro Iñarratarrak. Koadrilan joanak ziren Endara auzoraino, egun pasa egiteko asmoz. «Guk kotxea Arritxulo aterpetxean utzi dugu eta handik behera egin dugu oinez», zioten Mari Karmen Aranburuk eta haren senarrak. «Dantzan ibiliko gara, erromeria oso gustukoa dugu eta». Gero, sagardotegi batetara zihoazen bazkaltzera. Asko ziren mezetarako bidea hartzen zutenak ere. «Bai, lehendabizi mezetara joaten gara. Gero, Ola-berri jatetxera inguratuko gara, salda beroa hartzera eta pintxoa jatera, musika entzuten dugun bitartean», zioen Mertxe Mendiburuk. Dantzatzeko asmoa ere bazuen.

Azienda feria, Endara auzoan

Garai batean, Endara auzoan azienda feria izaten zen San Anton egunean eta Lesaka, Irun eta Oiartzun aldeko abeltzainak biltzen ziren tratuak ixtera. Gaur egun, San Anton Eguna erromeria giroan bizitzen da.

 

Fotos

Vídeos