Egin dute ikasturteko lehen plenoa

GARAÑO OIARTZUN.

Hamar gaiko zerrenda batekin eman zioten hasiera udalbatzarrari eta nagusiki bi gaiei buruz hitz egin zuten: etxez etxeko zerbitzua zabaltzeko arautegia eta diru-laguntzen ordenantza.

Hain zuzen ere, 2019rako zerga ordenantza onartu zen ahobatez. Bataz beste, KPI adina igoko dira zergak eta petxak (%2,3), baina salbuespen batzuk ere zehaztu zituen atzo udalbatzarrak. Kasu horietan, mantendu edo jaitsi egingo da zerga eta tasaren prezioa: Xorrolaren txartela; errolda bajak; udal eraikinak erabilera pribaturako erabiltzea; ura eta estolderiaren industriako tasa; etxez etxeko zerbitzua; ondasun higiezinen zerga...

Horrez gain, etxez etxeko laguntza zerbitzua zabaltzeko udal arautegia egokitzea onartu zen atzo, behin-behinean. Horri esker, etxez etxeko zerbitzua asteburuetan ere eskainiko da, urgentziazko kasuak barneratzea lortuko da, baita onuradunen espektroa zabaltzea ere. Aldaketekin, zerbitzua erabiltzaileentzako ekonomikoagoa izango da, gehienez 15 euro orduko ordainduko baitute (astelehenetik ostiralera).

Diru-laguntzen ordenantzari hasierako onarpena eman zitzaion atzo baita ere. Udalaren eta diru-laguntzen onuradunen arteko harremanaren oinarrizko arautegia izango da, nahiz eta gero arlo bakoitzak bere deialdi propioak egin beharko dituen. Jon del Olmo Ogasun zinegotziak azaldu zuenez, «ordenantza honek ez ditu baldintzak definitzen, baizik eta zer eskatu behar den. Sail guztientzako gida izango da». Ahobatez onartu zen, atzo EAJk aldeko botoa eman baitzuen -batzordean abstenitu egin ziren-: «Diru-laguntzetan formaltasuna eta zuzentasuna behar dira». 30 egunez egongo da jendaurrean.

Udal kirol instalazioetako prezioak eta salbuespenak ere onartu zituzten atzo zinegotziek.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos