'Zuk' dokumentalaren ikustaldia gaur, 10301 elkartasun keinu proiekturaren baitan

Etorkin eta errefuxiatuekin pintxo tertulia. /  GOIZARIN
Etorkin eta errefuxiatuekin pintxo tertulia. / GOIZARIN

Maiatzaren 4an egingo den bazkari solidariorako tiketak salgai daude Sorgin, Kabitxo eta Kastro tabernetan

GOIZARIN OIARTZUN.

10301 elkartasun keinu proiektuaren baitan apirilerako antolaturiko egitarauak aurrera darrai. Gaur 'Zuk' dokumentalaren ikustaldia izango da arratsaldeko 19:00etan, udal areto nagusian. Besteak beste, emanaldiaren amaieran Grezian errefuxiatuekin egondako oiartzuar batzuk izango dira haien bizipenak kontatzeko.

Egitarauari jarraituz, hurrengo saioa hilaren 30ean izango da. Truk txapelketa solidarioa antolatuko dute, Gaztetxean. Oiartzunen hain errotuta dagoen jokoan parte hartzeko gaueko 22:00etan dute hitzordua. Nolanahi ere, interesatuek aurretik izena eman beharko dute.

Maiatzaren 1ean, berriz, Endika Loiola oiartzuarraren diskoaren aurkezpena izango da arratsaldeko 18:30ean, Gaztetxean.

Nolanahi ere, egunik garrantzitsuena maiatzaren 4an izango da. Egun osoko ekitaldiak antolatu dituzte 10301 elkartasun keinu proiektuaren antolatzaileek. Goizez nahiz arratsaldez, azoka solidarioa ikusteko parada izango da Madalensoro frontoian. Goizeko 11:00etan, lasterketa izango da, Haurtzaro Atletismo taldearen eskutik.

Gero, 14:00etan bazkari solidarioa ospatuko da Elorsoro kiroldegian. Tiketak 10 eurotan salgai daude Sorgin tabernan, Kabitxo tabernan eta Kastro tabernan. Paella izango da jateko (beganoentzat ere izango da eskaintza). «Hamar eurotik, hiru elkartasunerako izango dira», adierazi dute antolatzaileek. «Hiru urte azpikoek doan izango dute», gaineratu dute.

Bazkari legea egin ondoren, bazkaloste musikatua ere iragarri dute antolatzaileek. Endika Loiola eta Lur Gaztelumendi bikoteak eta Eñaut eta Malen Elizasu anai-arrebak euren kontzertua eskainiko dute.

Festa egunak jarraipena izango du gaueko 23:00etatik aurrera Gaztetxean.

Aita Maria Zubia itsasontzia

Bestalde, herritarren artean gaiaren inguruko kontzientzia sortzeaz gain, diru ekarpenak egitea ere proposatu dute. Elkartasun keinua gauzatu nahi duten herritarrek kontu korronte honetan egin behar dute: SMH ES 92 3035 0235 22 2350038982. Kontzeptuan 'Oiartzun' jartzea ez ahazteko nabarmendu dute.

Azkenik, proiektuko arduradunek argitu dute antolatutako ekintzekin lortutako dirua «Itsas Salbamendu Humanitarioak sustatutako Aita Maria Zubia itsasontziko proiektua diruz laguntzeko izango dela» gogorarazi dute antolatzaileek.