Deustun izan dira 'Torri Gukin' egitasmoko aiton-amonak

Oiartzungo aiton-amonak unibertsitateko ikasleekin. / GOIZARIN
Oiartzungo aiton-amonak unibertsitateko ikasleekin. / GOIZARIN

Haien bizipenak, argazkiak eta bideoak partekatu dituzte lehenengo mailako ikasleekin

OIARTZUN OIARTZUN.

Pasa den asteazkenean, 'Torri Gukin' egitasmoko kideak Donostiako campusean dagoen Deusto unibertsitatean izan ziren bigarren urtez, Gizarte Heziketa gradua ikasten ari diren lehenengo mailako ikasleekin.

Nekane Martiarena egitasmoaren suspertzaileak adierazi du fakultateko Marta Ruiz irakaslearen deia jaso zutela haren irakasgaian Oiartzungo egitasmoa txertatzeko asmoz. «Gure bisitaren helburua 'Torri Gukin' proiektua aurrez aurre azaltzeaz gain, ikasleekin partekatzea ere bazen, batetik erabiltzaile eta hartzaile moduan, baita haien etorkizuneko profesioan gure esperientziaz jabetzeko ere».

«Ordu eta erdiko emanaldian, gure bizipenak, argazkiak eta bideoak partekatu genituen Deustoko ikasleekin. Oso momentu hunkigarriak bizitu genituen», aitortu du eta «ikasleen galderak ere zintzo aski erantzun ditugu», azpimarratu du.

Unibertsitateko bi ikasleren urtebetetze eguna zela eta, «kantari ere aritu ginen», nabarmendu du. Gainera, «bertan bazkaldu dugu hango ikasleek gonbidatuta», dio gustura.

Esperientzia oso pozgarria

Argi dago oso esperientzia aberatsa izan dela guztientzat. Izan ere, bigarren urtez Unibertsitatera gerturatu dira hitzaldi bat ematera. «Aurtengo gazteak ere emozionatuta ikustea lorpen handia izan da guretzat», nabarmendu du Martiarenak.