VII Dantzari Txikien eguna ospatuko da igandean

Euskal dantza berriro protagonista izango da Oiartzunen. /  GOIZARIN
Euskal dantza berriro protagonista izango da Oiartzunen. / GOIZARIN

329 dantzarik alaitasunez eta kolorez jantziko dituzte herriko bazterrak

GOIZARIN OIARTZUN.

Haurtzaro Dantza Taldeak eta Udalak antolatuta, VII Dan-tzari Txikien eguna ospatuko da igandean. Bederatzi herriko 329 dantzari elkartuko dira, eta urtean zehar landu dituzten hainbat ikuskizun eskainiko dituzte.

Euskal Herritik etorritako bederatzi taldeak goizeko 10:30ean bilduko dira Haurtzaro Ikastolan: Gipuzkoatik Donostiako Herri Ametsa, Zumaiako Txori Txiki, Usurbilgo Orbeldi, Errenteriako Musikal, Igeldo, Hendaiako Akelarre, Galdakaoko Andra Mari eta Oiartzungo Elizalde eta Haurtzaro dantza taldeak. Bertan hamaiketakoa egingo dute, desfilean indartsu ibiltzeko. Ondoren abiatuko dira herrian zehar desfilean. Aldi berean, dantza saioak eskainiko dituzte herriko kaleetan zehar, ordu eta erdiz, 12:45ak arte. Orduan Done Eztebe plazan dantzari guztien emanaldia hasiko da, eta oroimenen banaketari ekingo diote. Horren ondoren, dantzari guztiek Haurtzaro ikastolako jantokian bazkalduko dute.

Arratsaldean, 16:30ean dantzari guztiak bildu eta kalejiran igoko dira plazara. Erromeria izango da gero Doneztebe plazan, 17:00etatik 19:00etara.

Maskarada Alozen

Hilaren 30ean, Haurtzaro Ikastolako kideak Zuberoara joango dira Alozen egingo den Maskarada ikustera. «Gure ikastolak badu Zuberoako Ikastolekin batera lankidetza proiektua. Horren baitan, gure ikasleak Zuberoara joaten dira bizpahiru egunetarako ikasturte amaieran, eta, era berean, hangoak Oiartzun aldera etor-tzeko ohitura dute», adierazi du Aritz Gonzalez Haurtzaro Ikastolako zuzendariak. Horrela, Zuberoako Epherra eta Alozeko Ikastoletako irakasleek irakaskuntza arloko harremanak izaten dituzte eta gurasoen arteko harremanak ere bultzatzen dituzte.

Helburu hori gogoan, hilaren 30ean, larunbata, Alozera joango dira Maskarada ikustera. «Ikuskizuna Zuberoako inauteri ikusgarria da, eta aukera ona dugu hangoekin batera gozatzeko egun pasan». Goizeko 9:00etan abiatuko dira Haurtzaroko aparkalekutik.