Danbor hotsek girotuko dute gaur Altzibar auzoa

Sardina jate arrakastastua atzokoan. / GOIZARIN
Sardina jate arrakastastua atzokoan. / GOIZARIN

Jon Zabaleku zena gogoan izan dute egitarauan

GOIZARINOIARTZUN.

Ostegunez geroztik, festa da nagusi Altzibar auzoan. Egitarau oparoa prestatu du Festa Batzordeak eta gaur ere izango da zertan gozatua bertan. Gaztetxoek gaur 10:30ean dute hitzordua. Izan ere, 6 eta 14 urte bitarteko haurrek eta gaztetxoek X. Duatloian parte hartuko dute. Bizikleta eta kaskoa (derrigorrezkoa) norberak eraman beharko ditu eta parte hartu nahi duenak 10:30ean Arditurri Bidegorriko sarreran egon beharko du.

12:00etan, berriz, auzoko Martintxo plazan Toka txapelketa hasiko da. Eta 14:00etan auzoko jubilatuen bazkaria ospatuko dute Bazkun Zahar Berri elkartean. Era berean, bazkari mundiala iragarrita dago Albistur jatetxean, paella jatea hain zuzen ere. 16:30etik aurrera, XXXV. Truk Txapelketa jokatuko da, auzoko Esku Garbia elkartean. Izen ematea (12 euro bikoteko) 16:15ean itxiko da. Ordu berean futbolin txapelketa hasiko da Alaska tabernan. Gero, 17:30ean buruhandiak paseatuko dira auzotik barrena, trikitilarien laguntzaz. Eta 18:00etan, danborrarien txupinazoa eta poteoa Olaldeko etxeetatik hasita. Hortaz, 19:30ean, Altzibar auzoko haur eta helduen danborrada irtengo da.

Gauean indarberritzeko plazan afaltzeko aukera izango da 21:30etik aurrera. 00:00etan, zezensuzkoa ibiliko da plazako txokoetan barrena. Jarraian, Bide batez taldearekin dantzaldia eta aldi berean, DJ festa hasiko da Gaztelekuko txosnan.

Herri kirolak eta haur jolasak

Bihar ere ez da festarik faltako. Goizean diana, VIII. Pintxo lehiaketa eta euskal dantza eta dantza-jauziak, Haurtzaro Dantza taldea eta Helduen Tailerraren eskutik. Arratsalde partean, berriz, haur jolasak, txokolate jatea eta aparren jolasa izango dira, haurren gozamenerako. Gero, 18:30ean, Herri kirolen txanda izango da. Segidan plazan afaltzeko aukera ere izango da. Eta aurtengo festekin bukatzeko, Tolosa ahizpekin musika saioa. Azkenik, gaueko 22:30ean bukaerako traka mundiala. Aurtengo Altzibarreko festetan Jon Zabaleku iturrioztarra zena izan dute gogoan. Izan ere, omenaldi txiki bat egin diote egitarauan, bertso eder baten bitartez.