Danbor hotsek girotuko dute gaur Altzibar auzoa

Sardina goxoak prestatzen. / BASTEROBERRI
Sardina goxoak prestatzen. / BASTEROBERRI

BASTEROBERRI OIARTZUN.

Festetan jarraitzen du Altzibar auzoak, San Pedro jaiak ospatzen. Gaurkoan ere izango da makina bat ekimen haur, gazte eta helduentzat, Martintxo plazaren inguruan. Goizeko 10:30ean, 6 eta 14 urte bitarteko haurrek eta gaztetxoek IX. Duatloia jokatuko dute. Bizikleta eta kaskoa (derrigorrezkoa) norberak eraman beharko ditu eta parte hartu nahi duenak 10:30ean Arditurri Bidegorriko sarreran egon beharko du.

Eguerdiko 12:00etan, Altzibarko Martintxo plazan Toka txapelketa hasiko da. Eta 14:00etan auzoko jubilatuen bazkaria ospatuko dute Bazkun Zahar Berrin. Arratsaldeko 16:30etik aurrera, XXXIV. Truk Txapelketa jokatuko da, auzoko Esku Garbia elkartean. Izen ematea (12 euro bikoteko) 16:15ean itxiko da. Ordu erdi bat geroago, III. Ping-pong lehiaketa hasiko da Agerrealdeko parkean, 16 urtetik gorakoentzat.

Gero, 17:00etan Lur Korta eta Izaskun Mujikaren eskutik ʹBidaianʹ ipuin antzeztua hasiko da plazan. Eta 18:00etan, danborrarien txupinazoa eta poteoa Olaldeko etxeetatik hasita, danborradarako indarrak hartzeko. Hortaz, ilunabarreko 19:30ean, Altzibar auzoko haur eta helduen danborrada irtengo da.

Gaueko 00:00etan, zezensuzkoa ibiliko da plazako txokoetan barrena. Jarraian, DJ Mikeltxirekin dantzaldiari hasiera emango zaio. Aldi berean, DJ festa hasiko da Gaztelekuko txosnan.

Herri kirolak eta haur jolasak

Igandean ere, uztailak 1, ez da festarik faltako Altzibar auzoan. Goizean diana, VII. Pintxo lehiaketa eta euskal dantza eta dantza-jauziak, Haurtzaro Dantza taldea eta Helduen Tailerraren eskutik. Arratsalde partean, berriz, haur jolasak, txokolate jatea eta aparren jolasa izango dira, haurren gozamenerako. Gero, 18:30ean, Herri kirolen txanda izango da, Aratz Mugerza eta Kañamaresen erakustaldiarekin. Eta aurtengo festekin bukatzeko, Apaletxeren kontzertu akustikoa. Azkenik, 22:30ean bukaerako traka mundiala.

Temas

Jaiak

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos