'Burrunbaaa!', Ihoteen etorrera iragartzeko

Haurtzaro ikastolako kide guztiak prestaketa lanetan dabiltza, hilaren 22-23-24ko Ihoteetako herriko ekintzetan parte har dezaten

GOIZARIN

Ihoteen antolatzaileekin bat eginez, Haurtzaroko kideek protagonismo osoa herriko ekintzetan jarri nahi dute aurten ere, hartara ikasleen, gurasoen eta langileen indarrak aste bururako erreserbatuz. Izan ere, partaidetza momentu horretan bultzatu behar dela ulertzen dute bertan.

Horregatik, heldu den ostiralean, hilak 22, Haurtzaro Ikastolan Ihoteen etorrera aurreko festa ospatuko dute. Hortaz, 15:00etatik 16:30era, ikastolako ikasle guztiak irakasleekin batera anfiteatroan elkartuko dira zaku eta txapela jantzita. Han, Oiartzungo Ihoteei hasiera emango diete. Horretarako sorginen bisita ere izango dute eta elkarrekin dantza batzuk egin eta, bide batez, bertako guztiak herriko plazan elkartzeko deia egingo dute.

Saioaren amaieran, 'Burrnbaaaa: Ihoteei deika!' iragarri dute ikastolakoek. Langileak, ikasle eta gurasoak anfiteatroan elkartuko dira 16:40 aldera, guztiak zakuz mozorrotuta, eta perkusio doinuan elkarrekin Doneztebe plazara igoko dira, Intxixu eta sorginei dei egiteko, musika giroan. Plazan, arratsaldeko 17:30ean txokolate jatea antolatu dute. Hartara, indarberrituko dira haur, gazte eta helduok Ihoteen emanaldia eta larunbateko Kuestazioa ere gogoz bizitzeko. Plaza musikaz blaituko dutela iragarri dute ikastola zaleek. Ilusio handiz prestatzen ari dira Burrunbaaa!, izan ere, denok elkarrekin ongi pasatzea eta, bide batez, herriko Ihote festaz gozatzea dute helburu.

Kuestazioa

Bestalde, datorren larunbatean, hilak 23, Oiartzungo ohitura zaharrari jarraituz, auzoetako taldeek etxez etxe eta baserriz baserri festa giroan Kuestazioa egingo dute, goizeko 09:00etan abiatuta. Poxpolinez jantzita joateko ohitura oso zabaldua dago. Gero, auzoetan barrena ibilitako koadrila bakoitzak bere elkartean egingo du bazkari legea. Hortaz, parte hartu nahi dutenek azkar mugitu beharko dute izena emateko. Auzo bakoitzean zehaztu dute non eman behar den izena.