Bukatu dira Iturriozko jaiak

Astelehenean moto erakustaldia izan zen. Ikuskizun polita eskaini zuten herri kirol taldekoak, auzotarrek ere parte hartu zuten. / GARAÑO
Astelehenean moto erakustaldia izan zen. Ikuskizun polita eskaini zuten herri kirol taldekoak, auzotarrek ere parte hartu zuten. / GARAÑO

320 lagun elkartu ziren paella ederra dastatzeko Beheko Soroan propio jarritako mahaietara

GARAÑO OIARTZUN.

Santio bezperan hasi eta San Inazio egunean bukatu dira Iturriozko festak, auzoen artean luzeenak izan ohi direnak. Jai biribilak izan dira, parte hartzeari eta giroari dagokionez, eta eguraldi bikaina lagun izan dute ia egun guztietan.

Jaiak iraun duten zazpi egunetan hamaika ekitaldi izan dira Iturriotz auzoan, eta atzo ere halaxe izan zen. Eguerdian, San Inazio eguneko klasikoa bihurtu den Erromeria ospatu zen Beheko Soroan. 320 lagun elkartu ziren propio jarritako mahaietara, giro paregabean. Paella ederra dastatzeko aukera izan zuten. Bazkaldu ondoren, gaztelu puzgarriek ez zuten kale egin txikien gozamenerako.

Bide-Batez taldearekin, berriz, gorputza ederki astintzeko unea iritsi zen, bai txikientzat, baita helduentzat ere, dantzari onenen gisara. Saltoka eta dantzan galdutako indarrak berreskuratzeko, berriz, bokata goxoak jatea izan zuten.

Eta orduan iritsi zen unerik gustukoena, zezen suzkoa. Eta hurrengo urtera arte agur esateko kalejira auzotik barrena, hunkigarria izaten dena. Izan ere, makina bat haur, gazte, gaztetxo eta heldu, eskutik hartuta, salto eta brinko, egin zuten Juanenerainoko buelta, goiti eta beheiti. Horrela amaitu zuten eguna. Heldu den urtean gehiago.

 

Fotos

Vídeos