Buhaminak eta Parti Cut Lloi abesbatzen kontzertua larunbatean udal areto nagusian

Bost euroan salduko dira Udaberriko kontzertu honetarako sarrerak

GOIZARIN OIARTZUN.

Soinuenea Fundazioak antolatuta, Udaberriko Kontzertua izango da datorren larunbatean arratsaldeko 18:30ean, udal areto nagusian. Kontzertu bikoitz honetan, Euskal Herriko eta Galeseko abesbatzak ariko dira kantatzen.

Galestik dator Parti Cut Lloi abesbatza, Montgomeryshiren dagoen Banw bailaratik. Gizonez osaturiko taldea Sian James talentu handiko emakume abeslariak gidatzen du. 2003an sortu zen taldea Meifoden ospatzen den National Eisteddfoden parte hartzeko. Ospe handia lortu zuen lehen saria eskuratu zuenean, Folk Party modalitatean. Geroztik, makina bat kontzertu eskaini ditu.

Beste abesbatza, berriz, Euskal Herriko Iparraldetik dator eta emakumez osatutako Buhaminak izeneko abesbatza da. Iparraldeko 34 emakumek osatzen dute. Hamazazpi urteko ibilbidea du eta kantu gehienak, naturala denez, euskaraz egiten dituzte. Baina munduari irekiak dira, eta, horregatik, mundu zabaleko kantuak abesten dituzte: Brasilgo kantuak, afrikarrak, mexikarrak. Nahasketa handiagoak ere egiten dituzte: adibidez, kantu batean, Okzitaniako kantu batekin hasten dira, gero Euskal Herriko batekin segitu eta, bukatzeko, doinu zeltikoa baliatzen dute.

Kontzertuaren ondoren, afaria izango da musikariekin batera Ibargain elkartean. Kontzertuko sarrera 5 euroan salduko da; sarrera eta afaritako txartela, berriz, 20 euroan.

Kale-buelta, igande goizean

Bestalde, igande goizean Herri Musika Eskolako ikasle zein irakasleek Kale-buelta egingo dute, Elizalde auzoko txokoak musikaz blaituz, ikasturtean zehar hilero egiten duten moduan. Saioari goizeko hamabiak aldera emango diote hasiera.