Bosgarren koskan dago OKEko Ohorezko Erregional taldea

OKEko Ohorezko Erregional taldea. /  GOIZARIN
OKEko Ohorezko Erregional taldea. / GOIZARIN

Bigarren mailako nesken taldeak etxean jokatuko du datorren igandean

GOIZARIN OIARTZUN.

Neguko geldialdia amaituta, OKEko Ohorezko Erregional taldea lanean ari da buru-belarri ligako hamazazpigarren jardunaldiko partida prestatzen. Lehenengo itzuliaren azken partida Ekaitz Auzmendiren mutilek Real Unionen aurka jokatuko dute datorren larunbatean, Irungo Gal estadioan. Irundarrak sailkapeneko hamahirugarren koskan daude, hamazazpi punturekin. Hortaz, oiartzuarrek badute garaipena eskuratzeko aukera aproposa. Urte berria joko onarekin hastea opa diegu

Arestian aipatu den bezala, sailkapen nagusiko bosgarren koskan dago Oiartzungo mutilen talde gorena, urte amaierako azken partidan Mutrikuri 2-0 irabazita, Karla Lekuona zelaian. Hogeita zazpi puntu batuta, laugarrenarekin berdinduta, ezin baino hobeto ekiteko prest dago Irazustaren taldea.

Izan ere, hamasei partidutik bederatzi irabazi ditu Oiartzungo taldeak, horitako sei etxean, zaleen aurrean Karla Lekuona zelaian. Beste hiruak etxetik kanpo erdietsi ditu Oiartzun taldeak, horietan nabarmenena azaroaren 4an lortutakoa, 3-4 irabazi baitzion Anaitasunari, orduko hartan sailkapeneko liderrari.

Itzulerako lehen partida, berriz, etxean jokatzea egokituko zaio Oiartzun taldeari. Arerio gogorra izango du aurrez-aurre, Eibar taldea, sailkapeneko nagusia. Urtarrilaren 19an izango da hitzordu garrantzitsua, Karla Lekuona zelaian.

Neskak Karla Lekuonan

Bigarren mailako nesken taldeak Karla Lekuonan emango dio hasiera bigarren itzuliari. Logroñoko Atletico Revellin izango du aurkari, datorren igandean. Eguerdiko 12:00etan emango zaio hasiera partidari eta oiartzuarrak azken aurreko sailkatua mendean hartzen saiatuko dira, urte berria modu egokian hasteko.

Sei punturekin, sailkapeneko azken koskan dago OKEko bigarren mailako nesken taldea. Jokalari berri askorekin ari da lanean eta denboraldi osoa beharko du taldea gorpuzteko. Izan ere, Oiartzun taldeak hamahiru partidatik bakarra irabazi eta hiru berdindu ditu orain arte. Garaipena Bilboko San Ignacioren aurka lortu zuen azaroaren 25ean, oiartzuarren gozamenerako, haren etxean.