«Bizitza guztian palan jokatzen jarraitu nahiko nuke»

Portugalen jokatutako Europako Txapelketako sariekin./KOXKO
Portugalen jokatutako Europako Txapelketako sariekin. / KOXKO

Leire Galdos Cardeñoso Palista

KOXKOOIARTZUN.

Leire Galdos Cardeñoso mende berriarekin batera jaio zen, 2000ko urriaren 28an. Irailean diseinu grafikoko bigarren ikasturtea hasiko du Gasteizen. Oiartzungo Gurutze auzoan bizi da, frontoia etxetik metro gutxitara duenez, bistan da nola bilakatu den gaur egun den palista bikaina. Duela aste pare bat irabazi du azken sari esanguratsua, Portugalen hain zuzen.

-Noiz eta nola hasi zinen frontoira inguratzen?

-Txiki-txikitatik hasi nintzen gurasoekin palan ibiltzen, Gurutzeko plazan bizi naiz eta frontoia ondo-ondoan dut. Hasieran, neska gehienak eskuz hasten ziren, baina ni ordea, joko-garbin jokatzen hasi nintzen. 11-12 urterekin hasi nintzen kirol honetan eta neskarik ez zegoenez, mutilekin ibiltzen nintzen. 3 urteren ondoren, joko-garbia utzi eta palan hasi nintzen Haurtzaro Ikastolan.

-Hasieratik gustatu zitzaizun kirol hau?

-Bai, hasieratik oso gustora ibiltzen nintzen. Baina, kirol asko gustatzen zaizkit palaz gain. Adibidez, mendian ibiltzea eta bizikletan ibiltzea asko gustatzen zait. Futbolean ere ibilia naiz, duela 3 urte arte.

-Noiz ikusi zenuen honetarako balio zenuela?

-Hasieratik ikusi nuen nahiko ondo moldatzen nintzela palaz, baina, batez ere, txapelketetan emaitzak lortzen hasi nintzenean. Hala ere, ez zen bat-bateko kontua izan, pixkanaka joan naiz konturatzen benetan honetarako balio dudala.

-Emakume gazteak beste zaletasun batzuetara bideratu ohi dituzte, zerk bideratu zaitu zu bide hau hartzera?

-Txikitatik nire auzoko frontoian ibiltzeak asko eragin du niregan. Izan ere, kirol horretan aritzea oso erraza zen niretzat. Gainera, nire anaia nire aurretik joki-garbian aritzen zenez, beti geratzen nintzen bere entrenamenduak ikusten.

-Gustura al zaude hartutako erabakiarekin?

-Bai. Nahiz eta gizonak baino askoz neska gutxiago izan, emakume asko gaude kirol honetan eta oso giro ona dago guztion artean. Oso gustura nago nire taldekideekin, lagun asko egin ditut kirol honi esker.

-Emakumea eta kirolak duen problematika ikusita zein zailtasun topatu dituzu bidean?

-Orduan eta ezagunagoa egiten ari den arren, jende askok ez du ezagutzen emakumeen pilota. Halere, bistan da ez dela mutilena bezainbeste baloratzen. Frontoian, sarri, senideak besterik ez ditugu ikusten. Diru kontutan, aldiz, sosa gutxi batzuk besterik ez dizkigute ematen eta txapelketa batzuetan ezta hori ere. Kilometro asko egin behar izaten ditugu eta askotan, galtzen ateratzen gara. Pixkanaka aldatzen ari da, baina oraindik asko geratzen dela deritzot.

-Sari asko irabazi dituzu, zein dituzu gustokoen?

-Sari guztiak dira bereziak, baina, Portugaleko Europako Txapelketan lortutakoek ilusio berezia egin didate. Ez nuen espero horrelako mailan, eta modalitate ezberdinetan, horren emaitza onak lortuko nituenik.

-Nola izan da esperientzia?

-Portugaleko esperientzia oso polita izan da. Jende berria ezagutu dut eta oso lagun onak egin ditut. Bost egun igaro ditugu batera eta oso talde polita osatu dugu. Valentziarrekin ere oso harreman polita eraiki dugu. Txapelketa honetan, hiru modalitatetan ibili gara. One-wallean zilarra lortu nuen Miren Larrarterekin, sub-19 kategorian. Internazionalean, berriz, brontzea lortu genuen. Azkenik, pilota portugaldarreko modalitatean irabaztea lortu genuen.

-Zer ikasi eta ikusi duzu?

-Konturatu naiz pilotaren mundua uste baino zabalagoa dela. Ez nuen espero pilota Italiaraino edo Belgikaraino iritsia zenik. Halaber, aukera izan dut herrialde desberdinetako kirolariekin harremantzeko eta modalitate ezberdinetan aritzeko.

-Nolakoak dira pilotariak Euskal Herritik kanpo? Aurkari gogorrak?

-Nahiko aurkari gogorrak izan ditugu. Esaterako, valentziarrak one-wall eta joku internazionalean oso ondo aritu ziren eta bietan guk baino emaitza hobeak lortu zituzten. Valentzian ere one-wallean ibiltzen direnez, prestakuntza hobea zuten. Holandesei dagokienez, oso maila altua erakutsi zuten.

-Zein modalitate gustatzen zaizu gehien?

-Ni gehienbat bi modalitateetan ibiltzen naiz. Ezker horman pilota mazizarekin, eta trinketean pilota argentinarrarekin. Biak asko gustatzen zaizkit, baina bat aukeratzekotan, trinketea aukeratuko nuke, jokuaren bizitasunagatik.

-Non ikusten duzu zure muga kirol honetan?

-Gustatuko litzaidake kirol honetaz bizi ahal izatea etorkizunean, baina ezinezkoa izango dela iruditzen zait. Kirol honetan ez dute ongi ordaintzen. Hala ere, bizitza guztian palan jokatzen jarraitu nahiko nuke, nire zaletasun handiena baita.

-Nola ikusten duzu aurrerantzean emakume pilotarien figura edo posizioa?

-Nahiz eta oraindik gizonen figura emakumeen figuraren gainetik egon, nabaritu dut egoera aldatzen ari dela eta pentsatzen dut etorkizunean berdintasunera helduko garela. Hori pentsatu nahi dut behintzat. Duela gutxi EPE (Emakume Pilotarien Elkartea) sortu dugu, emakume pilotarien baldintzak hobetzeko helburuarekin. Bide zuzenetik goazela uste dut.