Bertso Jaialdi arrakastatsua, Madalensoro pilotalekuan

Taldeka, bertso saio ederrak eskeini zituzten gazteek. / GOIZARIN
Taldeka, bertso saio ederrak eskeini zituzten gazteek. / GOIZARIN

XIII. Bertso Jaialdian 241 gaztetxok parte hartu dute, Bertsozale elkarteak martxan jarritako proiektuaren harira

GOIZARIN OIARTZUN.

Beste urte batez, Madalensoro lepo bete zen atzo arratsaldean. Ikasturte amaierako bertso saioa burutu zen bertan, Haurtzaro Ikastolako eta Elizalde Herri Eskolako LH 5. eta 6. mailako ikasleekin, baita bi ikastetxeetako Bertso Eskolako gaztetxoekin ere. Izan ere, ikasturte osoan zehar LHko ikasle horiek bertsolaritza landu dute ikasgeletan. Hala, taldeka bertso sorta ederrak eskaini zituzten.

Bertsozale elkarteak martxan jarritako proiektuaren koordinatzaileak, Ander Lizarralde bertsolariak, egin zituen aurkezpen lanak eta gaztetxo guztiak jarri zituen lanean. Aitziber Arnaiz Euskara udal teknikariak ere neska-mutikoak animatu zituen bertsoak kantatzera.

Jorratutako gaiak anitzak izan ziren, aurten ere zein baino zein xelebreagoak: oporretatik bueltan heldu diren lagunak, ospitale desastrea, gaztakari eta lapurretak, beldurrezko pertsonaiak, gela xelebre bateko ikasleak, baserrietako lagunak, iragarki sorta, bideo jokoak...

Harmailetan zeuden guraso eta bertsozaleek herriko gaztetxoek bertsolaritzan ikasi dutenarekin gozatzeko aukera paregabea izan zuten, bai horixe!