Bertiz aldera doaz bihar Gazte Izanak elkarteko kideak

GOIZARIN OIARTZUN.

Gazte Izanak elkartearen eskutik, bihar Nafarroa gehiago ezagutzeko parada izango dute Oiartzungo erretiratuek. Izan ere, animatzen direnek Bertizeko parkea bisitatuko dute, besteak beste. Goizeko 09:00etan jarri dute hitzordua, ikastolako aparkalekuan. Handik abiatu eta Nafarroa aldera joango dira. «Autobus bat dagoeneko bete dugu», argitu du Fermin Lorza Gazte Izanak elkarteko lehendakariak. «Animatu daitezela herritarrak, merezi du eta Nafarroako iparraldea ezagutzeak».

Bertizeko parkea bisitatu ondoen bertan egingo dute hamaikakoa. «Gazte Izanak antolatuko du biharko hamaiketakoa», gaineratu du Lorzak. Hamaiketakoaren ondoren, Lesaka aldera joko du oiartzuar espedizioak. Bertan dagoen Lindurrengo Borda sagardotegira gerturatuko dira, bazkari legea egitera. Jarraian, bertsotan eta kantu kantari aritzeko parada izango dute herriko erretiratuek. Arratsalde partean, «aspertzen garenean» Oiartzun aldera abiatuko dira.

Fermin Lorza Gazte Izanak elkarteko lehendakariak adierazi du oiartzuar guztientzat prestatu dutela irteera. Hortaz, interesatuek gaur dute azken eguna izena emateko elkartean (goizeko 10:00etatik 12:00etara bitarte), 35 euroren truke; ez bazkideek, berriz, 40 euroren truke lortuko dute txartela.

Primeran ibiliko direla ez dago zalantzarik. Animatuz gero, elkartearen egoitzara gerturatu eta izena eman.