Berria dirudien kirol zaharra

Mitxelena eta Galdos, palan irabazleak, Oiartzungo zinegotziekin. /
Mitxelena eta Galdos, palan irabazleak, Oiartzungo zinegotziekin.

Badira urte batzuk jada eskuzko pasaka berreskuratu zela eta ordutik partida ugari antolatu dira Oiartzunen

KOXKOOIARTZUN.

Oiartzungo Txost Pilota elkarteak antolatu duen VIII. Pasaka eskuz txapelketa amaierara heldu da. Hiru maila ezberdinetan jokatu dute pilotariek azken bi hilabetetan. Benjaminak, 10 urte arte; Gaztetxoak, 11-12 urte eta herrikoia 12 urtetik aurrera. Bestalde, Gipuzkoako eskuzko pasakako V txapelketa ere jokatu da kontzejupean. Hainbat asteazken eta ostegunetan ikusgai izan ditugu Oiartzungo Kontzejupeko frontoian partida berezi bezain erakargarri hauek. Lan handia egin dute partidak, eta txapelketak oro har, antolatzen ibili diren Joxe Mari Mitxelenak eta Nekane Aranburuk.

Honako hauek izan dira kontzejupean jokatu diren lau finalen emaitzak: Benjaminetan, Iradi-Elizalde 9 /Iturain-Otaegi 7; Gaztetxoetan, Etxeberria-Etxeberria 9/Otaegi-Olaiz 3; Herrikoian, Ugalde-Ugalde 11/ Iraola-Mitxelena 4 eta Gipuzkoako txapelketan, Urbieta-Urbieta 13/ Lizaso-Alvarez 8.

Erdi Aro amaierako kirola

Kirol zahar honen inguruan ikerketa lan bikaina egin zuten 2011ean Joxe Mari Mitxelenak eta Antton Mendizbalek. Aztertutakoaren arabera, pasakaren inguruan honakoa baieztatzen dute. «1500-1600. urte inguruan herriko plazan bote-luze modalitatean jokatzen zen eta soilik jauntxoek zuten beren trinketeetan pasakan jokatzeko aukera. Hortaz, eguraldi onarekin arazorik ez zen izaten, baina, euria ari zuenean herritarrek pilotan aritzeko aukera galtzen zuten. Hori dela eta, herritarrek trinkete publikoa erreklamatu zuten eta Oiartzungo Udaletxea egiteko unean kontuan hartu zuten eskaera».

Mitxelenak kontatu digunez «1678an, udaletxearen inauguraketa egunean, pleno aretoan burutzen ari ziren ekitaldia geldiarazi behar izan zuten, azpiko arkupeetan, hau da, kontzejupean, jokatzen ari ziren pasaka partidak sortutako iskanbila zela eta». Pasaka, Gerra Zibilaren ondorioz desagertu zen, 2011. urtean berreskuratu zuten arte. Eskertzekoa da, beraz, hainbeste urtez ahantzia egon den pilota modalitate hau berreskuratu izana eta gainera, honelako bizia eman izana. Izan ere, gero eta parte hartzaile gehiago ditu urtero-urtero pasaka txapelketak.

Kontzejupean beste finalak

Pasakaz gain, esku pilota eta palako finalak ere jokatu dira azken egunotan. Oiarpek antolatutako esku-pilota txapelketako finalen emaitzak honakoak izan dira: Buruz buru: Haurrak, Zabaleta 18/ Landa 14; Kimuak, Olaitz 16/Sarriegi 13; Gaztetxoak, Sein 22/ Etxeberria 8 eta Nagusiak, Etxabe 22/ Aranburu 17.

Binaka, aldiz, honela geratu ziren: Umeak, Jauregi-Iturain 14/Maeztu-Iradi 9; Kimuak, Mujika-Olaitz 16/Galardi-Zelaiaran 9; Haurrak, Aranburu-Mitxelena 14/ Aranburu-Landa 18; Gaztetxoak, Etxeberria-Iriarte 22/ Arruti-Sein 15 eta Nagusiak, Ugalde-Ugalde 22/ Salaberria-Zalakain 13.

Bestalde, Girizia Elkarteak antolatutako pala txapelketari dagokionez, aurten ere sekulako maila izan da frontoian. Iker Getariak nagusiki, antolatutako txapelketa honek arrakasta itzela izan du beste behin ere. Finalak honela amaitu ziren: Emakumeezkoetan, Leire Galdos- Mitxelena 30/ Jaione Galdos- Gaztelumendi 20. Gizonezkoetan, aldiz, Olasagasti-Gelbenzu 26/ Loidi-Rekalde 30.