Baserritarren Egunareko prest

Lartaun txistulari taldeak kontzertua eskaini zuen./
Lartaun txistulari taldeak kontzertua eskaini zuen.

Bertsolariak, sagardo lehiaketa eta herri kirolak izango dira gaur, besteak beste | Kontzertu herrikoiak, Pasakako finalak eta sokatira txapelketak jarri zuten atzokoan jai giroa

KOXKOOIARTZUN.

Oiartzungo Xanistebanak aurrera doaz eta atzokoan, oiartzuarrek beren egun handia ospatu zuten. Eguraldi bikaina lagun, goizeko zazpietan, makarroi jate antiespezistak arrakasta izan zuen, baita sokamuturrak ere.

Goiz eresia eta ezkila joaldiek herria alaitu ostean, herritar ugari bildu zen Herri Meza Nagusian, Done Eztebe parrokian. Lartaun abesbatza izan zen kantuan eta Aroia Makuso organoan.

Goizean zehar, meza nagusiaz gain, Lartaun txistulari taldearen 44. Herri Kontzertua izan zen Kontzejupean. Jendez gainezka zegoen kontzejupean, euskal doinu, kanta eta dantzan oinarritutako emanaldia eskaini zuten.

Eskuzko pasaka txapelketak atzo izan zuen amaia. Izan ere, Gipuzkoako V. Txapelketaren finala jokatu zuten Kontzejupean. Urbieta-Urbieta bikotea izan zen garaile, gutxigatik. Lizaso-Alvarez bikoteak gogor eutsi zion, baina, 13 eta 8 galdu zuten.

Ez dira gutxi izaten abuztuaren 3a heltzear dela, jateari uzten diotenak. Sokatira txapelketak garrantzi handia du Oiartzunen, eta beharrezko pisuan sartu ahal izateko sekulako eginahalak egiten dituzte parte hartzaileek. Atzo 16:00tan Oiartzungo auzoen arteko 33. Sokatira Txapelketa lehiatu zuten herriko neska-mutilek. Nesketan Karrika auzoko taldeak irabazi zuen, eta mutiletan, zazpigarren aldiz jarraian, Ergoieneko taldeak .Onintza Azpiroz omendu zuten erretiroa hartzen duelako.

Jarraian, familia giroan zirkua ikusteko aukera izan zuten Elizaldeko Eskolako jolastokian. Euskal Herria plazan, aldiz, Bi Bemol talde oiartzuarrak kontzertu lasaia eskaini zuen.

Atzo pilota saioek zeresana eman zuten, bai euskal pilota egokituko erakustaldiak, bai emakumezkoen pilota partidek ere. Gustagarria izan zen hurreratu zirenentzat, partida ederrak eskaini baitzituzten pilotariek. Oiartzun-Karaez senidetzaren haritik egin zen herri afaria ere bikaina izan zen. Karaezeko lagunak aho zabalik geratu ziren oiartzuar sukaldaritzarekin. Sarrera guzti-guztiak saldu ziren eta lepo zegoen Girizia Elkartean, elkartasun giroa nagusitu zen.

Egunari amaiera borobila emateko, musika jaialdia izan zen talde bikainekin. Aspertzeko aukerarik ez zen izan atzokoan ere.

Produktu ekologikoen azoka

Gaur, nabarmendu beharreko ekitaldi ugari izango dira. Egun garrantzitsua da, baserri mundua izaten baita protagonista, goiz partean bereziki. Ehiza zakur lehiaketa, produktu ekologikoen azoka, idi-dema, sagardo lehiaketa, pintxo lehiaketa, bertso saioa Andoni Egaña eta Onintza Enbeitarekin, herri kirolak... denetik izango da egun honetan, baserri inguruko jendeak, nahiz kaleko jendeak goza dezan.

Bestalde, Oiartzungo erretiratuek bazkari ederra egingo dute; herriko bazkari feministan parte hartzen dutenen antzera. Oiartzungo Asanblada Feministak gaurko prestatu du ekintza gehien. Bazkariaz gainera, bazkaloste umoretsua eta poteo-jira feminista egingo dute.

Hori gutxi balitz, Girizia Elkarteak antolatzen duen Pala Txapelketako finalak jokatuko dira seietatik aurrera. Gauean, 22:30ean Olatz Salvador musikariaren emanadia izango da plazan. Amaitu ostean, helduen danborradaren txanda izango da, herriko kaleetan burrunba ederra sortuko dute herritarrek.

Gauerdian, DJ Bullen musikarekin joango dira oiartzuarrak beren etxetara atseden hartzera, parrandazaleak salbu.