Azken suziriarekin bukatu dira Ergoien auzoko festak

Azken suziriarekin bukatu dira Ergoien auzoko festak
GOIZARIN

GOIZARINOIARTZUN.

Amaitu dira Ergoien auzoko festak. Ostegunean hasi eta igandera bitarte hamaika ekitaldi izan dira, auzotarren gozamenerako. Auzokalte elkarteak erdiz erdi asmatu du aurtengoan ere, eta festek iraun duten bitartean jai giroa zabaldu da auzotik barrena, eguraldia lagun zutela ia egunero.

Ostiralean, truk txapelketan Borja Arruti eta Xabier Manterola bikote oiartzuarrak ikusi zuen jokorik onena eta eraman zuen saririk potoloena. Bejondeiela!

Larunbatean, berriz, V. Ganadu Feriak hartu zuen festaren lekukoa eta Uztapide/Urtxalle plazan jarri zuten ikusgai hazienda ugari: behiak, zezenak, zaldiak, moxalak, behorrak, untxi eder askoak, ardiak eta antxumeak..., denak auzoko baserrietakoak. Bestelako azoka ere bazegoen, pitxien salmenta baita sendabelarrekin egindako ukenduak ere. Taloak ere ez ziren falta Ergoien auzoko plazan.

Eguerdi partean, berriz, Haurtzaro Dantza taldeko gaztetxoek ikuskizun polita eskaini zuten hamarnaka herritarren aurrean. Hala, sei eta hamahiru urte bitarteko dantzariak gogotsu aritu ziren, ikasturtean zehar ikasitakoa erakusten. Euskal Herriko txoko desberdinetako dantzak jorratu zituzten, eta bildutako ikusleek txaloekin eskertu zuten gaztetxoen saioa.

Danborrada alaitsua

Arratsaldean, zezen kozkorrekin gozatu zuten herriko gaztetxoek. Danborradak ere ez zuen huts egin. Urtero-urtero jarraitzen dute, usadio zaharra mantenduz, danborrari astintzen. Bertso afariak ere izan zuen jarraitzailerik. Izan ere, Ergoien auzoan badago bertso zaletasunik.

Igande goizean, pilota partidak jokatu ziren auzoko frontoian. Gero, Amulleta Danborraren Kofradia ibili zen festa giroa jartzen. Horren ondoren, auzotar guztientzat bazkaria zerbitzatu zuten Auzokalte Elkartean auzoko tabernek eskainitako menuekin. Hantxe omendu zituzten Ergoiengo aitona-amona edadetuenak, Kontxita Irastorza eta Josetxo Lizarraga.

Arratsaldean, berriz, auzoko segalarien ikuskizunarekin gozatu zuten. Bukatzeko, azken suziriak eman zien amaiera aurtengo Ergoien auzoko festei.

Temas

Jaiak