Auzo batzarretan herriaren egoera orokorra partekatu du Udalak

Udalak herritarren nahiak jaso ditu eta eskakizunak betetzen saiatuko dela aipatu du. /  GARAÑO
Udalak herritarren nahiak jaso ditu eta eskakizunak betetzen saiatuko dela aipatu du. / GARAÑO

Bizikidetza arazoak izan dira auzo guztietan aipatuenak

GARAÑO OIARTZUN.

Udalak auzotarrekin 2019ko aurrekontuak, herriaren egoera eta auzoetako beharrak eta kezkak partekatzeko egin dituen batzarrak bukatu dira, joan den astean gazteekin egindako saioarekin. Udalak batzar hauek eman dutenaren balorazio sakona egin du.

Parte-hartzaileen kopurua aurreko urteetako antzekoa izan da (136 lagun guztira). Hala ere, Udalak kezka du parte-hartzea goraka ez doalako. Izan ere, auzo batzarretan parte hartu duten herritarrek oso ongi baloratu dituzte edukiak, lantzeko moduak eta bestelakoak. Hain zuzen ere, bizilagunen parte-hartzea da okerren baloratu dutena: uste dute herritar gehiagok parte hartu beharko luketela bileretan.

Aurten, legegintzaldi honetan lehenengo aldiz, batzarretan parte hartu dutenen artean gehiago izan dira emakumeak (%53) gizonak baino (%47).

Bizikidetza, errepikatuena

Bizikidetza arazoak eta arauak ez errespetatzeak sortzen dituzten arazoak izan dira aipatuenak (abiadura ez errespetatzea; gaizki aparkatutako ibilgailuak; txakur-kakak; txakurrak solte eramatea; hondakinak lurrera botatzea...). Alegia, herritarren jarrerak dira auzo guztietan errepikatzen diren kezka nagusiak. Udalak, beraz, herritarrak beren jarreren inguruan hausnartzera gonbidatu nahi ditu. Bakoitzak oso ekintza sinpleak gauzatuz bizikidetza hobetu baitaiteke.

Bestalde, auzoetan legegintzaldi honetan egin diren ekintzak errepasatzeko eta baloratzeko tartea izan da batzarretan. Izan ere, urte hauetan auzoetan landu diren egitasmo gehienak auzoetako eskaeretatik abiatu eta bertan kontrastatu dira.

Hauek izan dira aipatu diren lan nagusiak: Altzibarren, haur parkeak txukundu, Klarene plaza txukundu, auzo lokala egokitu, Altzibar-Iturriotz espaloia berritu eta Cadarso auzotik atera; Arraguan, Larzabal etxadiko aparkalekua berritu eta kirolgunea jarri, Ganboxa berrantolatu, taxi geltokia berreskuratu; Elizalden, Bidegaina berrantolatu eta espaloia berritu, Manuel Lekuona etorbidea berritu, Legarreako irisgarritasuna hobetzeko lanak eta Ibargain ondoko pasabidea argiztatu; Ergoienen, herribideak konpondu, Arbelaitz bidea bidegorriarekin lotu eta hoditeriaren saneamendua; Gurutzen, aparkalekura doan pasabidea argiztatu, piboteak jarri espaloian eta Bizardia atzeko horma egin; Iturriotzen, Tronpeo txukundu eta berrantolatu, Altzibar-Iturriotz espaloia argiztatu eta Xorrolako geltokia tokiz aldatu; Karrikan, sarrera berritu eta bidea zabaldu, larrialdi irteera konpondu eta erreka errekaltzatu; Ugaldetxon espaloiak konpondu (Ihurrita, Mendibil, Katalintxo), Intxixu aurrean semaforoa jarri eta Iradi bidea -Txipitoko malda- asfaltatu.

Epe motzean egingo diren proiektuak ere aurkeztu dira auzoetan: Cadarso bota (Altzibar); pilotalekua txukundu -hasita-eta igogailua jarri (Arragua); Ormazabal-eneako aparkaleku berria eta Rafael Pikabeako kirolgunea berritu (Elizalde -bi lanak hasita daude-); bidegorria txukundu eta luzatu, plazako haur parkea berritu (Karrika); bidegorria eta Kalexa plaza lotzeko zubia eraiki (Ugaldetxo).

Udala herri mailako ikuspegia auzo guztietara eramaten ahalegindu da. Herri mailan gauzatu diren egitasmo garrantzitsuenen berri emanez. Legegintzaldi honetan Kultura, Gizarte-Ongizate eta Feminismo sailei eman zaien bultzada ere azpimarratu nahi izan du Udalak. Kulturan %18 igo da aurrekontua. Gizarte-Ongizaten, %22,6 eta Feminismo saila sortu da.

2019ko aurrekontuak

2019an, 16.751.174 euroko aurrekontua izatea espero du Oiartzungo Udalak lehen aurreikuspenen arabera, aurten baino %0,68 gehiago. Proposamenaren lehenengo zirriborroa aurkeztu da auzoetan. Udaleko teknikari eta oposizioarekin ere landuta gauzatuko da behin betiko proposamena. 2.000.000 euro bideratu ahal izango da inbertsio errealetara. Izan ere, Udalaren aurrekontuaren zati handiena (%82) ondasun arrunten eta zerbitzuetako gastuetara, pertsonal gastuetara eta transferentzia gastuetara bideratzen da.

Betalde, Gazte batzarra bigarren urtez egin da aurten. Nahi baino parte-hartzaile gutxiago izan badira ere, saioa interesgarria izan da Udalarentzat. Herriko gazteek aisialdiaren antolakuntza euren esku egon behar duela uste dute eta Udalak gazteen emantzipazioarekin eta lan-munduarekin lotutako formakuntza eta laguntzara bideratu behar lukeela bere jarduna.

Hori dela eta, 2019an Gazte Politikara bideratuko diren 5.000 euro batez ere formakuntza, tailer eta mintegietan inbertitzea erabaki da: lan-mundurako formakuntza (curriculumak nola egin, lan-elkarrizketak nola prestatu...), oinarrizko sukaldaritza tailerra (gurasoen etxetik emantzipatzeari begira)...

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos