Auzo batzarrak egingo ditu Udalak astelehenetik aurrera

Irailaren 30etik urriaren 3ra izango dira bilerak

GOIZARINOIARTZUN.

Oiartzungo Udalak auzoetako batzarrak egingo ditu aurten ere; astelehenetik osteguna bitartean izango dira. Udal Gobernu Taldeak aurkeztu du auzo batzarren egitura. Besteak beste, 2019/2023 legegintzaldiaren aurkezpena; 2020ko aurrekontuaren zirriborroaren aurkezpena; herriko eta auzoetako proiektu nagusien azalpena; eta auzotarren proposamenak eta iradokizunak biltzeko tartea izango da bilera guztietan.

Gobernu Taldeak herritar guztiak «auzo batzarretan parte hartzera gonbidatu» ditu eta bilera horien garrantzia azpimarratu: «Herriaren egoerari buruz lehen eskuko informazioa jasotzeko aukeraz gain, auzoetan dauden beharrak identifikatzen lagungarriak baitira».

Bilera guztiak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira, egutegi honen arabera: Irailaren 30ean, Arraguan (frontoi ondoko lokalean) eta Iturriotzen (auzoko lokalean); urriaren 1ean, Ergoien auzoan (Auzokalte elkartean) eta Karrikan (Artaso elkartean); urriaren 2an, Altzibarren (Olatxo auzo lokalean -Olalde-) eta Elizalden (Manuel Lekuona bibliotekan); urriaren 3an, Gurutzen (Bizardia elkartean) eta Ugaldetxon (eskoletan).

Oiartzungo EAJ-ren deia

Oiartzungo EAJ-k ere deia egin du auzo batzarretan parte hartzeko. «Alderdikide eta gertukoei haietan parte hartzeko deia luzatzen diegu», adierazi dute. Bertara joateko aukerarik ez dutenei, bestalde, «gogorarazten diegu goizetan udaletxean modu iraunkorrean daukagun zinegotziarengana joanda ere jasoko ditugula haien kezkak», zehaztu dute. E-posta helbidera bat ere badute ekarpenak jasotzeko: eajpnv.oiartzun@gmail.com.