Atzo hasi ziren Santiyuk Iturriotzen, jai giro ederrean

Auzoko dantzariek euskal dantzak eskaini zituzten lertxunaren aurrean. / GARAÑO
Auzoko dantzariek euskal dantzak eskaini zituzten lertxunaren aurrean. / GARAÑO

Jubilatuen bazkaria izango da gaur

GARAÑO OIARTZUN.

Lertxuna altxatzearekin batera eman zioten hasiera aurtengo Santiyo festei iturrioztarrek, arratsaldeko 19:00etan. Jarraian, auzoko dantzariek euskal dantzak eskaini zituzten lertxunaren aurrean eta segidan etorri zen txikien gozatzeko unea. Izan ere, Oiartzungo buruhandiak dultzaineroen laguntzarekin auzoa alaitzen ibili ziren. Bukatzeko, eta festak behar bezala hasteko auzo-afaria izan zen Beheko Soroan, giro apartean. Eguraldiak lagundu zuen eta jende andana bildu zen bertan. Tony Rocket musikariak plaza dantzan jarri zuen.

Gaur, auzoko patroiaren eguna den arren, aurten ez da jai eguna eta beraz, ez da ekintzarik egongo goizean. Eguerdian, aldiz, auzoko jubilatuei bazkaria eskainiko diete Iturri Berri Elkartean.

Ostiralean jarraituko dute festa giroarekin auzoan eta astearte arte egitarau oparoa osatu dute. Ostiral arratsaldean haur jolasak eta ur festa izango dira gaztetxoenen gozamenerako. 19:00etan pin-txo-potea izango da kantinan eta Gure Txoko tabernan. 20:00etan enkartelada izango da auzoan barrena eta ondoren, bokadiloak afaltzeko aukera izango da. Gaueko 22:00etan 'Bocabits Comedia' antzezlan musikatua ikusteko aukera egongo da Beheko Soroan.

Larunbatean goizean goizetik hasiko da festa. Bizikleta martxa izango da 10:00etan eta eguerdian idi-dema Telleriaren eta Mixiyuaren idiekin. Arratsaldean, haur tailerrak lehenik 16:30ean eta 18:00etan Iturrioztarren IX. Sagardo dastaketa/lehiaketa. Maialen Lujanbiok eta Unai Agirrek girotuko dute dastaketa. Jarraian, bertan afaltzeko aukera izango da eta ondoren kontzertuak. Izan ere, parrandarik ez da faltako auzoan eta ordu txikiak arte izango da musika auzotarren gozamenerako. Honakoak dira joko duten taldeak: Azalera, Itziarren Semeak, Bad Sound System eta Dj Elizkoyak.

Igandea ere gogotsu hasiko dute iturrioztarrek. Goizeko 9etan goiz eresia izango da Oiartzungo Lartaun Txistulari taldearekin. 10:30etan meza nagusia egingo da Beheko Soroko gurutzean auzoko hildakoen omenez. 11:30etan, berriz, tortilla txapelketa. Arratsaldean, kronoeskalada izango da 17:00etan, artzai txakur lehiaketa 19:00etan eta afaltzen geratzen diren herritarrek Ane Badiola, Irati Odriozola eta Joxe Leon Kazabon entzuteko aukera edukiko dute gaueko 22:00etatik aurrera.

Astelehenean ere festarik ez da faltako auzoan. Arratsaldeko 16:30etan Gorriti Show izango da zezen txiki eta poniekin. Ondoren, bertaratzen direnentzako txokolatada. Arratsaldeko 19:00etan musika zuzenean izango da Gure Txoko tabernan eta kantina parean Funbox moto trial showa. Gaualdea Mirari Martiarenak eta Joxe Migel Lopezek girotuko dute haien bakarrizketekin.

Erromeria eguna asteartean

Urtero, uztailaren 31n erromeria ospatzen dute Beheko Soroan eta txartelak salgai daude Martin Harategian, Pottolo janari dendan eta Garmendi Txokolategian. Aurten sagardotegi menua eskainiko dute eta urteroko jende kopurua espero dute antolatzaileek. Hala ere, goizetik hasiko da festa. Goizeko 9:00etan goiz eresia izango da eta 11:00etan Oiartzungo Eskuzko pasakako VI. Txapelketako finalak. MiXiyuan idi-pare gazteek ere erakustaldia emango dute Beheko Soroan eta ondoren, Zurgai herri kirol taldearen ikuskizuna izango da. Bazkalostean bingoa izango da eta haurrentzako gaztelu puzgarriak. 20:00etan bide batez trikiti taldearekin dantzaldia hasiko da bertan afaltzen dutenen gerriak astinduz. 23:00etan zezen suzkoa jaiei amaiera emateko eta kalejira auzoan barrena. Jarraian, dantzaldiaren jarraipena eta horrekin amaitutzat emango dituzte aurtengo Santiyuk.

Temas

Jaiak
 

Fotos

Vídeos