'Hitzen lihoa' ekimenaren lehen edizioa, Xabier Leteri eskainia

Alex Gurrutxaga, Antton Valverde, Joxe Angel Irigarai eta Jon Martin atzo udaletxean. / GARAÑO
Alex Gurrutxaga, Antton Valverde, Joxe Angel Irigarai eta Jon Martin atzo udaletxean. / GARAÑO

Oiartzunen abiatu den proposamen berri honen ekitaldi nagusia, 'Xabier Leterenak Xabier Leteri jarriak' kantu emanaldia, larunbat honetan izango da, 19:00etan, San Esteban elizan

GARAÑO OIARTZUN.

Lehen aldia da Hitzen Lihoa ekimena egingo dutena Oiartzunen. Programazio honen baitan hitza, musika, bertsoa eta bete hainbat arlo lantzea dute helburu. Hain zuzen ere, herri tradiziotik abiatuta iraganaren eta etorkizunaren arteko zubi bat eraiki nahi dute. «Herrian badira kultura, musika, bertsoa, literatura... landu duten, lantzen duten herritarrak. Eta gaur egun kulturzale diren horiekin izan direnak oroituz etorkizunerako oinarriak jarri nahi ditugu. Belaunaldi berriei horien berri eman eta sorkuntzara animatu nahi ditugu» aipatu zuten taldekideek. Memoria berreskuratzeko ariketa gisa ere ikusten dute ekimena, eta baita transmisio bide gisa ere.

Lehen edizio honetan Xabier Lete hartu dute ardatz. Sortzaile oiartzuar honek sekulako lana egin zuen euskal kulturan, hitzetik abiatu, musikan islatu eta literatura iraultzeraino. Izenburua ere egile oiartzuar honetan oinarrituta jarri dute: Leteren 'Xalbadorren heriotzean' kantuko letratik hartu dute hain zuzen.

Lehen egunean, ostiralean, azaroak 30, Ludotekak eta Kuadrillategik Xabier Lete ezagutzeko jolasa antolatu zuten eta ondoren, Malen eta Ekain Elizasuk kontzertua eskaini zuten. Helduagoentzat, mahai ingurua ere izan zen 'Xabier Lete: idazlea eta kantaria' izenburupean. Udaletxeko areto nagusia jendez bete zen Alex Gurrutxaga, Joxe Angel Irigarai, Jon Martin eta Antton Valverde entzuteko. Bertan, Xabier Letek euskal poesiagintzan izandako eragina eta Ez Dok Amairu mugimendua izan zituzten hizpide. Gehienbat, taldeak bertsogintzan eta kantagin-tzan egindako ekarpenari buruz hitz egin zuten eta bertaratutakoen galdera eta zalantzak argitzen ahalegindu ziren hizlariak. Horren ostean, Ruper Ordorikak Bakarka emanaldia eskaini zuen udaletxeko areto nagusian. Ostiral gaua goxatu zuen bere doinu eta letrekin eta ikusle asko animatu zen harekin kantatzera.

Ekitaldi nagusia

Larunbat honetan, berriz, ekitaldi nagusia izango da. 19:00etan San Esteban elizan 'Xabier Leterenak Xabier Leteri jarriak' kantu emanaldia izango da, herriko abeslari eta musikariekin. Hain zuzen ere, Xabier Leteren abestiak joko dituzte honako musikariok: Beira, Jon Bergaretxe, Begoña Bergaretxe, Joxe Leon Kazabon, Oihana Lekuona, Irati Odriozola, Mirari Perez Gaztelu, Alaitz Telletxea eta Maider Zabalegik. Oier Guillanek aurkeztuko du saioa eta tartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen Xabier Lete Poesia Sariko irabazleek -Luis Garde, Karlos Linazasoro, Juanjo Olasagarre eta Asier Serranok-, euren eta Leteren poesia bana errezitatuko dute:

Igandean, berriz, urrian hasitako ikastaroaren amaiera izango da. 'Hitzen ahairea. Zeri kantatzen diogu euskaldunok?' Ikastaroaren azken saio hau Rafa Ruedak eta Gotzon Barandiaranek gidatuko dute eta, bereziki, Xabier Lete landuko dute. 5 euro balioko du bihar arratsaldean Udaletxeko Areto Nagusian egingo den saioak. 17:00etatik 20:00etara izango da.

Asteartean, hilaren 4an, emango diote amaiera ekimenari. Leteren heriotzaren urteurreneko egunean bi ekitaldi antolatu dituzte. Batetik, Ludotekan, Joxe Leon eta Antton Kazabonek kantu eta poesia emanaldia eskainiko diete LHko ikasleei. 17:00etan hasita ordubeteko saioa izango da. Eta bestetik, Oiartzungo Udalak antolatzen duen Prosa eta Poesia lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia izango da.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos