Asteburu biribila bizi zuten karrikan

Asto proba mundiala izan zen aurtengoan. Unai Zulaika bere idi bakarrarekin asto parearen aurka jokatzeko prest. Erakustaldi ederra eman zuten zaldiek ere. / ARGAZKIAK GARAÑO
Asto proba mundiala izan zen aurtengoan. Unai Zulaika bere idi bakarrarekin asto parearen aurka jokatzeko prest. Erakustaldi ederra eman zuten zaldiek ere. / ARGAZKIAK GARAÑO

Bihar ama birjinaren egunean jarraituko du festak eta gauean emango diote amaiera aurtengo jaiei

GARAÑO OIARTZUN.

Auzoko festetan giro ederra ziurtatuta dago. Gainera, eguraldia lagun izan zuten karrikarrek. Ez zen deus falta izan eta gustu ezberdinetako ekintzak izan ziren auzoan. Larunbatean bazkari goxoa jaso zuten auzotarrek elkartean eta arratsaldean sagardo probaketa izan zen. Abere proban Eneko Seinen asto parea Unai Zulaikaren idi bakarraren aurka aritu zen.

Igandean goiz erestiarekin hasi zuten eguna goizeko 10:00etan eta hori bukatu zenean meza izan zen frontoian. Eguerdiko 12:00etan Haurtzaro Dantza Taldekoek emanaldia eskaini zuten denen gozamenerako eta 13:00etan toka txapelketa izan zen.

Arratsaldean herri kirolak izan ziren eta baita zaldi proba mundiala ere. Hernaniko Imanol Pagollaga Asteasuko Andoni Mendizabalen aurka aritu zen eta lehia bizia izan zen. Auzotarrek bapo afaldu zuten Artaso elkartean eta gero zeze-suzkoa egin zuten. Orain azken eguna falta dute karrikarrek.

Bihar, Ama Birjinaren egunean, jarraituko du festak eta gauean emango diote amaiera aurtengo jaiei. Goizean, goiz eresia, haur jolasak eta pilota partidak izango dira. Arratsaldean idi-demaren txanda izango da eta ondoren otar eder bat zozketatuko da.

Jaiei amaiera emateko, gaueko 23:00etan su artifizialak izango dira auzoan eta zezen-suzkoa ondoren. Jai giro ederra ziurtatuta dago Karrikan aurten ere.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos