Aste Santuan ezagutu Arditurriko meategia

Apirilaren 27an eskaintza berezia izango da Aiako Harriaren erraiak ezagutzeko

GOIZARIN OIARTZUN.

Arditurriko Meatze Gunea Aiako Harria Parke Naturaleko sarbideetako batean, mendigunearen baldintza geologikoen pean kokatzen da. Erabateko meatze-paisaia eskaintzen du, oraindik ikusgai baitira hala nola zerura irekitako harrobiak, esterilen zabortegiak, plano inklinatu eta lur-berdinketak, meatze-sarrerak, ustiapen garaiko eraikinak eta baita garai batean minerala Pasaiako portura eramateko erabiltzen zen trenbide zaharraren bidea ere, gaur egun Arditurriko Bidegorria bilakatua.

Lur azpian, berriz, gizakiaren eragina handiagoa da; hainbat kilometro galeria aurkitzen baitira bertan, meatzaritza-lana eta erauzketarako gune ezberdinen sarea osatuz.

Duela 2.000 urte ezkeroztik ia jarraian ustiatuak izan diren meazulo bakarrenetakoak dira Arditurrikoak. Orain ia 20 urtez utzita egon den ingurua berreskuratu da, Real Compañía Asturiana de Minas delakoak 1984ean meategien ustiapena bertan behera utzi zuenetik, hain zuzen.

Arditurriko parajean Interpretazio Zentroa bisita daiteke, hasteko, garai batean meategiko laborategia izan zen eraikinean kokatuta. Eraikinak bi solairu ditu: behekoan harrera gunea eta Aiako Harria Parke Naturaleko ondasun, kultura eta natura aberastasunak arin eta era didaktikoan azaltzen dituzten panelak eta pantaila taktilak aurki daitezke; bigarren solairua Arditurriko meatzari iraganaren inguruko informazio anitza eskaintzen duten euskarri modernoek osatzen dute.

Bestetik, meazuloak ezagutu daitezke, beti ere bisita gidatuaren bidez. Honako ordutegiak hartu behar dira kontuan: asteartetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara; larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara; azkenik, igande eta jai egunetan, 10:00etatik 14:00etara.

Eskaintza berezia

Apirilaren 27an, larunbatean, eskaintza berezia izango dute bisitariek: Tren Berdea eta meategira bisita gidatuak prezio berezian. Hiru eskaintza bereiziko dira: trena eta oinarrizko bisita 5 eurotan; trena eta oinarrizko bisita (5 urte baino gutxiago dutenentzat), 3 eurotan; trena eta sakoneko bisita, 7 eurotan.

Tren Berdearen irteera ordutegia Pagoaldetik Arditurrira 10:00etan, 11:00etan eta 12:00etan izango da; Arditurritik Pagoaldera, berriz, 11:30ean, 12:30ean eta 13:30ean.

Informazio gehiago lortzeko edota erreserba egiteko honako telefono hauetara deitu daiteke: 943 495 069-688 895 068. Era berean, arditurri@gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatzi dezakete edota www.parketxesarea.org orria begiratu.