Ane Asensio Telletxea atleta oiartzuarrak jaso du Kirol Saria

Ane Asensio haren familia eta Oiartzungo alkatearekin. /  GOIZARIN
Ane Asensio haren familia eta Oiartzungo alkatearekin. / GOIZARIN

Atletismo egokituan egiten ari den ibilbide bikainarengatik eta ezberdintasunak ez duelako geldiarazi

GOIZARIN OIARTZUN.

Ostiral arratsaldean, Ane Asensio Telletxeak jaso zuen Oiartzungo Udalak laugarrenez eman duen Kirol Saria, herritarrez beteta zegoen udal areto nagusian. Slalom egokituan egindako lorpenak aitortu zaizkio horrela. Izan ere, Espainiako txapelduna da kronometratutako proban, kanporaketan eta taldekako slalomean.

Enekoitz Markos Kirol zinegotziak eman zion hasiera ekitaldiari eta nabarmendu zuen Asensiok zergatik jaso duen saria. «Kirol Saria emaitzengatik, ibilbidearengatik edo kirolaren alde oiartzuarrek eta Oiartzunen egindako lana errekonozitzeko ematen da. Aurten, 200 lagunek baino gehiagok parte hartu dute Kirol Sariaren prozesuan. Guztira, 27 proposamen jaso dira. Horien artetik, Kirol Aholku Kontseiluak Asensio saritzea erabaki du». Ane Asensiok atletismo egokitua egiten du. «Gaur egun Lasarteko Ostadar Atletismo Taldeko kide da eta Mindaran dabil. Atletismoko ibilbidea Haurtzaro Atletismo Taldean hasi zuen duela lauzpabost urte. Momentu honetan, Espainiako txapelduna da kronometratutako frogan, kanporaketan eta taldekako slalomean. Iazko Espainiako Txapelketan, gainera, bi errekor hobetu zituen», gaineratu zuen.

Horrez gain, «aurten boccia kirol olinpikoa praktikatzen hasi da eta handbikearekin entrenatzen jarrai-tzen du». Gogoratu zuen, era berean, aurtengo Lilatoian ere parte hartu duela eta saskibaloian ere jokatzen duela 17 urteko kirolari oiartzuarrak.

Gero, ekitaldirako propio prestatutako zoriontze bideoa eskaini zioten Ane Asensiori. Hantxe ikusi ziren herriko hainbat kirolari edota kirolarekin harreman zuzena duten lagunak atleta oiartzuarra zoriontzeko: Haurtzaro Atletismo taldeko kideak, Mindara elkarteko lagunak, Nekane Martiarena Abaraxkako koordinatzailea, Maitane Toledo entrenatzailea, Haurtzaro Ikastolako langileak eta DBH 4. Mailako ikasleak, Oiartzungo Udal Gobernuko kideak...

Azkenik, Jexux Leonet alkateak eman zion Ane Asensiori IV. Kirol Saria eta esker oneko hitzak izan zituen kirolari oiartzuarrak orain arte egindako bidean lagundu dioten guztiei. Saria jasotzearen ohorea aitortu zuen, aretoan bildutako guztien txalo zaparrada jasotzen zuen bitartean.

Mahai-ingurua

Saria banatzeaz gain, ostiraleko ekitaldian Oiartzungo kirolariekin mahai-ingurua ere egin zen. Goiatz Labandibar kazetariak gidatutako saioan azken urtebetean kirolaren munduan gailendu diren zenbait kirolari oiartzuarrek parte hartu zuten, hala nola Ane Asensio Telletxea sarituak; Beñat Felipe Lekuonak, pistako txirrindularitzan Mundialetan parte hartu duen kirolariak eta Antxin Ezkerro Olaizolak, Euskal Herriko Herriarteko Txapeldunak larruzko paletan.