Ane Asensio atleta oiartzuarrak jasoko du gaur IV. Kirol Saria

GOIZARIN OIARTZUN.

Gaur arratsaldeko 19:00etan Ane Asensio Telletxea atleta oiartzuarrak jasoko du IV. Kirol Saria, udal areto nagusian. Asensiok atletismo egokitua egiten du. Gaur egun Lasarteko Ostadar Atletismo Taldeko kide da eta Mindaran dabil. Atletismoko ibilbidea Haurtzaro Atletismo Taldean hasi zuen duela lauzpabost urte. Momentu honetan, Espainiako txapelduna da kronometratutako frogan, kanporaketan eta taldekako slalomean. Iazko Espainiako Txapelketan, gainera, bi errekor hobetu zituen. Horrez gain, aurten boccia kirol olinpikoa praktikatzen hasi da eta handbikearekin entrenatzen jarraitzen du. Saskibaloian ere jokatzen du 17 urteko kirolari oiartzuarrak.

Kirol Aholku Kontseiluak Asensio saritzea erabaki du atletismo egokituan egiten ari den ibilbide bikainarengatik eta ezberdintasunak ez duelako geldiarazi.

Kirol Asteari amaiera

Saria banatu ondoren, Oiartzungo kirolariekin mahai-ingurua izango da. Parte hartuko dute azken urtebetean kirolaren munduan gailendu diren zenbait kirolari oiartzuarrek: Beñat Felipe Lekuona, pistako txirrindularitzan Mundialetan parte hartu duen kirolaria; Antxin Ezkerro Olaizola, Euskal Herriko Herriarteko Txapelduna larruzko paletan eta Ane Asensio. Udalak herritarrak animatu nahi ditu ekitaldietan parte hartzera.

Bihar emango zaio amaiera aurtengo Kirol Asteari. 16:00etan Eskola Pilotako txapelketako finalak jokatuko dira, Haurtzaro Ikastolan eta gero Spinning maratoia egingo da 17:00etan, Kontzejupean.