Artikutza familian ezagutzeko ibilaldi gidatuak udaberrian

Hiru ibilbide antolatu dituzte, guztiak elebitan

GOIZARIN OIARTZUN.

Udaberriaz gozatzeko tenorea da eta Artikutza ingurune aparta da horretarako, Artikutza Naturaren eskutik. «Garai aproposa da Artikutzak eskaintzen dituen paisaia ederrez gozatzeko», nabarmendu dute antolatzaileek. Gauzak horrela, apirilean hiru ibilaldi egingo dituzte, apirilaren 7an, 14an eta 28an.

Datorren igandean, hilak 7, ibilaldi interesgarria egingo dute (elebitan), Artikutza-Egazki eta Elorriarri zeharkaldia hain zuzen. Mendizaleek 4,5 km-ko luzera duen ibilbide motza egingo dute, 200m gorako desnibelarekin. Hortaz, ibilaldi erraza izango da. Artikutzako ingurune naturala hobeto ezagutu nahi dutenek hona hemen jakin beharrekoa: tarifak, 6 urtetik beherakoak, dohainik; 6-16 adinekoentzat, 2,09 euro eta 16 urtetik gora, 3,14 euro. Bisita 09:15etik 13:30era izango da. Exkaxeko guarda etxeko aparkalekuan jarri dute hitzordua.

Izena emateko 690 720 264 telefonora deitu behar da, 08:00etatik 16:30era. Helbide elektroniko hau ere erabili daiteke: artikutzanatura@donostia.eus

Hilaren 14rako ibilaldi sentsoriala proposatu dute. Lau kilometroko zeharkaldia publiko orori zuzendutakoa da, lasaia eta naturaz gozatzeko beste ikuspuntu batetik hurbiltzea helburu duena. Naturak pizten dituen sentimendu eta sentsazioak izango dira txangoaren ardatz. Mendizaleek 4 km-ko luzera duen ibilbide motza egingo dute, 100m gorako desnibelarekin.

Azkenik, hilaren 28an Artiku-tzako hegoaldeko tontorrak zapalduko dituzte. Mendizaleek 13 km-ko luzera duen zeharkaldia egingo dute, 800m gorako desnibelarekin. Hortaz, mendian ibiltzera ohitura dutenentzat gomendagarria soilik.

Ibilaldia Arriurdiñetatik hasi, eta hegoaldeko tontorrak igaroko dituzte.