Artikutza ezagutzen jarraitzeko ibalaldia egingo da igandean

Ibilaldia Artikutzako mendebaldeko mugara hurbilduko da. /  GOIZARIN
Ibilaldia Artikutzako mendebaldeko mugara hurbilduko da. / GOIZARIN

Unalbide mendi-buelta da proposamena eta ibiltzeko ohitura minimo bat eskatu dute gidariek

GOIZARIN

Artikutza Natura programaren harira, datorren igandean, hilak 17, ibilaldia egingo da Artikutza hobeto ezagutzeko. Artikutza-Unalbide mendi-buelta Artikutzako auzotik abiatuta izango da. «Oraingo honetan ibilbide zirkular bat egingo dugu, barrutiko mendebaldeko mugara hurbilduko gaituena», adierazi dute antolatzaileek.

Ibilbide honek duen zailtasuna Unalbideko igoeran dago, apenas 1,5km-tan 350m desnibela gainditu beharko baita. Beraz ibiltzeko ohitura minimo bat eskatuko dute gidariek. Unalbide eta Altuetara igotzeko Artikutza eta Elama ibaiak elkartzen diren puntutik ateratzen den bidexka hartuko dute mendizaleek. Aldapa gainditu ahala, barrutiko eta Goizueta aldeko bistak agertuko dira, eta Cromlech-batekin egingo dute topo. «Ibilaldiaren punturik altuenean, mendi-gandorretik jarraituko dugu hasieran eta ondoren Elama ibaiko bailarara desbideratzen den bidexkatik jaisten hasiko gara. Gozaringo burdinolara eramango gaitu, eta hemen aspaldiko industria txikiek utzitako aztarnak eta azpiegiturak ikusi ahal izango ditugu», gaineratu dute. Artikutzako auzoraino itzulera basoan barrena egingo dute. Bidean zehar giza-ustiaketak basoan izan duen eragina ikusi ahal izango dute.

Izena ematea

Gustuko ekintza izanez gero, hona hemen jakin beharrekoak: bisita gidatua elebitan izango da. Goizeko 09:15ean jarri dute hitzordua, Eskaseko atezaindegiko aparkalekuaren ondoan. Amaiera, berriz, 13:30ean aurreikusi dute, leku berean. Prezioari dagokionez, 3,14 euro ordaindu beharko dituzte helduek eta 2,09 euro neska-mutilek (6-16 urte). Sei urte bitarteko haurrak, berriz, dohainik. Izena emateko 620 337 875 telefonora dei daiteke edo www.donostia-artikutza.org webaren bidez edo artikutzanatura@donostia.org-era idatziz.