Artikutza ezagutzeko ibilaldi gidatua, gaur

Bide zoragarriak ibiliko dituzte bisitariek. / KOXKO
Bide zoragarriak ibiliko dituzte bisitariek. / KOXKO

Urdaulleko bailara ezagutzeko aukera bikaina da

KOXKOOIARTZUN.

Udaz gozatzeko tenorea da eta Artikutza ingurune aparta da horretarako. «Garai aproposa da Artikutzak eskaintzen dituen paisaia ederrez gozatzeko», nabarmendu dute Artikutza Natura programako antolatzaileek. Gauzak horrela, gaur Urdallueko bailara ezagutzeko abagunea izango da.

Lehendabiziko bisita uztailaren 14an izan zen eta Goizaringo burdinola ezagutu zuten. Uztailaren 21ean, Mintegixarreko bideko haginak eta trenbide zaharra ikusi zituzten. Hirugarren bisitan, ordea, Eskasetik Artikutzara joan ziren, Elizmenditik. Ibilaldi guztietan jende multzo polita bildu da eta biharkoan ere hala izatea espero da.

Urdaulleko bailarari buelta ematea da asmoa. Antolatzaileek adierazi dutenez «ez da ibilbide zaila, nahiz eta hasierako zatian igoera malkartsua eduki, mendian ibiltzeko ohitura apur bat edukita erraz egin daiteke. Artikutza auzotik irtengo gara ibai ertzetik doan bidea hartuta, berehala ezkerrera joko dugu, gorako bidean. Segituan, Otaneraino eramango gaituen bidexka hartuko dugu, ibilbideko punturik altuenera, hain zuzen. Ondoren, bidexka batetik poliki jaisten joango gara, Urdaulleko erreka ondoan kokatzen diren burdinola eta baserri zaharreraino. Bertatik aurrera, bideak bailararen beste aldera zuzenduko gaitu eta goraka apur bat egin ondoren aintzinean Artikutzako zentral hidroelektriko txikia hornitzen zuen deposituan azalduko gara. Gertu, artikutzara bueltatzeko bidea topatuko dugu».