Arropa bilketa solidarioa gaur gaztetxean

GARAÑO OIARTZUN.

Beraien helmugetara iristeko bidean dauden emigranteen beharrei erantzuteko arropa bilketa egingo da aste honetan Irunen. Oihartzun Gukek proiektu honetan parte hartzea erabaki du. Horretarako bihar gaztetxea irekita egongo da egun osoan. Goizean, 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldean, 16:00etatik 18:00etara. Bertan arropa zaharrak edo erabiltzen ez direnak uzteko aukera izango da, eta horrela, ekintza honetan lagundu.

Antolatzaileek zabaldu duten mezua honakoa da: «Irunera iristen ari dira gazteak (gizonezkoak gehienak) eta familiak beste herrialdeetara joan nahi dute, baina nekatuta eta baldintza kaxkarretan iristen ari dira. Irunen ere, harrera abegitsua eman nahian, arropa garbia eskaintzen ari gatzaizkie baina horretan jarraitzeko zuen laguntza behar dugu». Beraz, proiektu honetan lagundu nahi duen orok aukera izango du bihar egun osoan zehar gaztetxera hurbildu eta norberaren ekarpena egiteko.

Bereziki behar dena

Bilketarako zenbait produktu zerrendatu dituzte antolatzaileek: oinetakoak (gizonentzat 40-48 zbk.), galtzak (S-M-L), gerrikoak, niki/alkandorak, jertseak, lo zakuak/mantak, motxila ertainak, hotzerako arropa, xirak, barruko arropak, mugikorrak.

Behar dutenei elkartasuna adierazte aldera antolatu dute Oihartzun Gukekoek bilketa hau. Animatzeko deia egin dute.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos