Arizmendi eta Arbelaitz, pala txapelketatik kanpo

GOIZARIN OIARTZUN.

Pasa den larunbatean, lau partida erabakigarri jokatu ziren Madalensoron, Euskl Herriko pala txapelketa irekian: bat emakumeen mailan, beste hiru gizonezkoen artean. Emakumeen mailan, Ontsalo-Olano bikoteak 25-24 irabazi zion Balerdi-Albeniz bikoteari. Ondorioz, hura finalerdietara pasa ala ez jakiteko, beste emaitza batzuen esperoan geldituko da.

Gizonezkoen 3. mailan, Arizmendi-Arbelaitz bikote oiartzuarrak ezin izan zuen irabazi. Imaz-Elizalde bikote hernaniarraren aurka 14-25 galdu ondoren, agur esan dio txapelketari. Beste partidan, Gurrutxaga-Arrieta elgoibartar bikoteak 25-11 erraz hartu zuen mendean Lozano-Ferreiro bikotea eta finala jokatzeko txartela lortu du. Lehen mailan, Irigoien-Almandoz lesakar bikotea izango da finalean 25-22 irabazi ostean Antxordoki-Martikorena Igantziko bikoteari.

Bihar izango da hurrengo hitzordua Madalensoron. Goizeko 8:15ean hasita eta arratsaldean 15:30ean txapelketako finalerdiak jokatuko dira eta amaieran jakingo da zein bikotek jokatuko dituzten txapelketako finalak, ekainaren 2ko igande goizean.

Nolanahi ere gaur arratsaldean Galdos-Murua eta Larrarte Karrera bikoteen arteko partida jokatuko da eta emaitzaren arabera, sailkapenean lehen eta bigarren zein gelditzen den finkatuko da.