Arditurrira trenez joateko azken aukerak 22 eta 29an

Goizeko 10:15ean eta arratsaldeko 16:15ean aterako da trena Doneztebe plazatik

GARAÑO OIARTZUN.

Uda honetan aukera paregabea dago Oiartzunen, Tren Berdea hartuta, Bide Berdetik zehar Arditurriko Meatze Gunera joateko. Lehen saioak abuztuaren 1ean eta 8an izan ziren eta orain asteartean, hilak 22, eta datorren asteartean, hilak 29 izango da aukera. Goizeko 10:15ean eta arratsaldeko 16:15ean aterako da trena Doneztebe plazatik, eta paisaia zoragarriez gozaraziko duen 45 minutu inguruko ibilbide atsegina egin ondoren, Aiako Harria Parke Naturalaren bihotzean egingo du trenak geldialdia. Behin bertara iritsita, ausartenek Arditurriko meategira sartzeko aukera izango dute, eskaintzen diren bi bisita gidatuetako bat eginaz: Oinarrizko bisita edo Sakoneko bisita.

Oinarrizkoa, goizean zein arratsaldean eskainiko da. Sakonekoa aldiz, goizeko txandan bakarrik egin ahal izango da.

Trenean ibili baina meategira sartu nahi ez dutenek ere badute gozatzeko aukera. Behin ingurune zoragarri hartara iritsita, inguruan ibilalditxo bat egin edota zuhaitz baten gerizpean eserita ogitarteko bat jateko atsedena har dezakete itzultzeko ordua iritsi arte.

Itzulera ordua 12:30ean izango da goizean eta 18:00etan arratsaldean. Oinarrizko bisitak 8,65 euro balio du (5,60 euro 5-12 urte artekoentzat edo 65 urtetik gorakoentzat). 5 urtetik beherakoak doan dute sarrera. Sakoneko bisitaren prezioa aldiz, 9,.80 euro da (7,80 euro 5-12 urte artekoentzat edo 65 urtetik gorakoentzat). Bi kasuetan, trenean bidaia prezioaren barne dago.

Meategia bisitatu gabe trenean joan etorria egin nahi duenak 3 euro ordaindu beharko du (2 euro 5-12 urte artekoentzat edo 65 urtetik gorakoentzat). 5 urtetik beherakoak doan.

Ez galdu aukera eta hartu trena Arditurrira!

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos