Arditurrin aurrera jarraitzen dute orientazio jolasekin
Herriko familiei zuzenduta soilik, baina larunbat honetan ere izango da aukera 'Iparra galdu gabe' aritzeko
GOIZARIN
Oiartzun
Asteazkena, 10 otsaila 2021, 20:59
Osasun krisiak eta hari lotutako neurriek jarduera guztiak baldintzatzen badituzte ere, Arditurri parketxeko arduradunek jakinarazi dute hilabete honetan ere eskainiko dietela familiei 'Iparra galde gabe' orientazio jolas arrakastatsuan aritzeko aukera. «Covid-19k eragindako pandemia dela eta, oiartzuarrekin eta oiartzuarrentzat lan egitea egokitu zaigunez, elkar ezagutzeko aitzakia ona iruditu zaigu orientazio jolasa martxan jartzea otsaileko larunbatetan», zehaztu dute.
Bertako inguruan zehar barreiatuz, Oiartzungo bisitariek froga desberdinak bilatu beharko dituzte 'Iparra galdu gabe' ibil-tzeko, Arditurri parketxetik abiatuz.
Bertako arduradunek luzatu dute gonbidapena: «Anima zaitezte Aiako Harria Natura-Parkean barna ibilbide paregabe bateko bitxikeriak ezagutzera eta gozatzera!».
Lehendabiziko saioa goizeko 10:00etan hasiko da. «Txandak 20 minuturo antolatuko ditugu», argitu dute antolatzaileek. «Goizeko 12:00ak arte emango ditugu txandak».
Hiru kilometroko ibilbide erraza
Familia bakoitzak ordu eta erdiko iraupeneko jolasa egingo du. «Hiru kilometroko ibilbide erraza egingo da orientazio jolasean», zehaztu dute. Jolasa elebiduna izango da eta abiapuntua Arditurriko parketxean egongo da. Parte hartzeko sarrera 3 euroan egongo da salgai. Familia ugarian kasuan, kide batek doan parte hartuko du.
Covid-19 dela eta, osasun prebentziorako neurriak zehatzak izango dira. «Esan gabe doa, SARS-Cov-2 birusa kutsatzeko arriskua saihesteko prebentzio-neurriak hartuko ditugula: eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoa eramango ditugu. Izena ematen dutenek musukoa eraman behar dute», jakinarazi dute antolatzaileek. «Segurtasun-distantziak mantenduko dira», gaineratu dute.
Informazioa eta erreserbak egiteko Arditurri parketxera deitu behar da, ondoko telefono zenbakietara, 943 495 069 – 688 895 068 edota arditurri@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi.