Arditurriko Bide Berdearen Eguna ospatuko da igandean

Oiartzundik eta Errenteriatik bizikleta martxak antolatu dira eta meategietara bisitak

GOIZARINOIARTZUN.

Datorren igandean, hilak 15, Arditurriko Bide Berdearen zortzigarren eguna ospatuko da. Oiartzungo Doneztebe plazatik, goizeko 10:00etan eta Errenteriako Gamon zumarditik, ordu berean, bizikleta martxak abiatuko dira Arditurriko meategi guneraino, bidegorrian barrena. Helmugaraino 6 kilometro egin beharko dira. Familia giroan egiteko goiz pasa aproposa izango da.

Parte-hartzaileentzako bizikleta gordailu zerbitzua izango da helmugan, baita hamaiketako on askia ere. Hori bai, txirrindulariek ezinbestekoa izango dute kaskoa eramatea eta argia, berriz, gomendagarria.

Behin Arditurrin, 11:00etatik 14:00etara meategiak prezio berezian bisitatzeko aukera izango da (oinarrizko bisita 3 euroren truke eta sakonekoa, 4 euroan). Meategiak bisitatzen dituztenek segway zirkuitua dohainik egiteko aukera ere izango dute goiz osoan zehar.

Haurrentzako ingurumen-jolas tailerrak ere izango dira 11:00etatik 12:3era. Horren ondoren, adin guztientzako jolasak izango dira: herri kirolak eta bizikleta-jolasak.

Argiztapen berria

Udaleko ordezkariek adierazi dute Arditurri Bidegorriko argiztapena berritzeko lanen hirugarren faseari ekingo diotela. Hori dela eta, atzo hasi ziren lanean eta Ugaldetxon Atamitxko bidegorritik Kalexako zubia arteko zatia itxita egongo da ostegun goiza arte, bai oinezkoentzako eta baita Rafael Pikabea etorbideko zati hori ere ibilgailuentzako.

«Rafael Pikabea etorbidearen Ugaldetxoko zati hori erabiltzen duten gidariei erne ibiltzeko eskatu nahi diegu eta sortutako trafiko aldaketekin ulerkorrak izateko, Arditurriko bidegorria eta oiartzuarren mugikortasuna hobetzeko ezinbestekoa izango baita», nabarmendu dute udal ordezkariek.

Hirugarren fase honetan Atamitx eta Igerobi bidearen arteko bidegorri zatiko argiztapena berrituko du Udalak.