Antton Kazabonek hiru liburu berri kaleratu ditu

Pasa den astean aurkeztu zuen 'Bisera Gorria' oiartzuarrak./
Pasa den astean aurkeztu zuen 'Bisera Gorria' oiartzuarrak.

Erein argitaletxearekin atera duen 'Bisera Gorria' Durangoko Azokan aurkeztuko du ostegunean

GARAÑO OIARTZUN.

Haur eta gazte literaturarako beste hiru liburu egin ditu idazle oiartzuarrak. Erein argitaletxean argitaratu du Kazabonek bigarren liburua 'Bisera Gorria' izenburupean. Haurtzaro Ikastolako irakaslea izaki, askotan saiatu izan da ikastetxeetako neska-mutilengana iristen haren obretako pertsonaiekin. Eta oraingoan ere, horretan saiatu dela aipatu du. Ikasleren batek, behin edo behin eskatu dio beldurrezko istorio bat egitea eta eskakizun horri erantzunez atera du 'Bisera Gorria' liburua.

Gaur egungo gizartea deskriba-tzen duen arren, garai bateko istorio eta sinesmenak ere txertatu ditu kontakizunean. Esate baterako, baserritarren artean oso ohikoa zen gizotsoaren istorioa. Eneko izeneko mutil bat da narratzailea eta desagerpen bat kontatzen hasten da. Hain zuzen ere, bezperan ezagututako neska da desagertu dena. Martina bere neska-lagun kuttunaren hutsuneak einegona sortzen dio eta bere tristura eta atesekabea dira istorioaren ardatza. Hala ere, istorio paralelo bat ere badu bitartean.

Erraz irakurtzen den liburu honek izua sorraraziko dio irakurleari eta misterioak bete-betean murgilduko du istorioan.

Durangoko Azokan aurkeztuko du Kazabonek liburu hau. Abenduaren 7an, goizeko 11:00etan orduerdiko Saioa eskainiko du Xagu ganbaran, LHko ikasleentzat bereziki prestatutako espazioan.

Jokin Mitxelenarekin

'Emiliren desabenturak', berriz, Jokin Mitxelenarekin elkarlanean osatutako liburua da. Umorezko liburu baten aurrean gaude eta irakurlearen gozamena du helburu. Zortzi kapitulu laburrez osatua, Emili protagonistaren abentura dibertigarri eta xelebreak kontatzen dizkigu. Elkarrizketa ugari daude liburuan zehar, horrela, kontakizunaren erritmoa bizituz.

Emiliren egunerokotasuna da liburuan kontatzen dena eta bere lagunekin normalean korrika atera behar izaten du edozein egoera dela eta, beti arazoren bat gertatzen zaie. Emili neska irudimentsua da, alaia eta ausarta eta lagunek uste dute Emiliren errua dela egoera korapilatzea. Bere egoera bitxienak ezagutuko ditu irakurleak liburu honetan. Hala nola, azterketetan kopiatu nahi duenean, elurretan korrika ibiltzea, basurde batengandik ihesi nola ibili ziren... Eta baita horiek guztietatik nola ateratzen diren ere. Hala ere, Emilik ez du inoiz galtzen irribarrea.

Aipagarriak dira Jokin Mitxelenaren marrazkiak. Zuri-beltzean eginak dauden arren, neskaren soinekoa gorriz margotzen du bere alaitasuna islatuz. Marrazkiek komikien antza badute ere, oso landuak daude. Kontakizunarekin bat egiten duten irudiz bete du Mitxelenak liburua.

'Kantu bat Alikarentzat' da hirugarren liburua. Afrikako neska baten istorioa kontatzen du Kazabonek bertan. Gartxot euskaldunari Alika gustatzen zaio baina lotsatuta dago eta ez dizkio nahi dituen gauza guztiak esaten. Horren ordez, itsasoari kontatzen dizkio Alikari kontatu nahi dizkion baina ezin dizkion sentimendu eta emozioak. Hondarribiako kosta du izpide kontakizunak eta itsasoak bere garrantzia izango du. Musikaren bidez lortuko du sentimenduak azaleratzea eta horrek asko lagunduko dio. Pertsona ezberdinek hitz egiten dute liburuan eta hori identifikatzeko Kazabonek iruditeria ezberdina erabili du: Gartxotek hitz egiten duenean gitarra bat ageri da eta Alikak hitz egiten duenean, berriz, patin batzuk. Azkenik, arrazakeriaren salaketa egiten du idazle oiartzuarrak liburu honetan eta zer pentxatua ematen du horrek ere.

Hiru liburu eta hiru istorio ezberdin, bakoitza bere protagonista eta leku ezberdinekin. Durangoko azokan Kazabonen liburuak erosteko aukera izango da eta baita firmaren bat lortzekoa ere.

 

Fotos

Vídeos