«Ibilbidea goia jo gabe, azkarregi bukatzen zaidala sentitzen dut»

Andoni Ugalde, kontzejupean./IÑIGO ARIZMENDI
Andoni Ugalde, kontzejupean. / IÑIGO ARIZMENDI

Hiru urte ondoren, oiartzuarrak pilotari profesionala izateari utziko dio

KOXKOOIARTZUN.

Hiru urteko bidea egin du pilota profesionalean eta momentu onak eta txarrak igaro arren, esperientzia ederra izan da oiartzuar gaztearentzat. Uda hasieran jakin genuen ez duela pilotari profesionala izaten jarraituko. Azken urtetako gertakarien inguruan hitz egiteko gogoz aurkitu dugu.

-Hiru urtez pilota profesionalean aritu ondoren amaitu duzu. Nola deskribatuko zenuke zure ibilbidea?

-Hiru urte oso motz izan dira niretzat. Txikitatik amesten nuen pilotari profesionala izatea eta hiru urtez amets batean bizi izan naiz. Entrenamendu eta partidu bakoitza intentsitate askoz bizitu ditut, disfrutatu egin dut. Hala ere, bukaerarekin penatuta noa nire buruari hobetzeko tartea, progresioa, ikusten niolako. Pilotari profesionaleko ibilbidea azkarregi bukatzen zaidanaren sentsazioa daukat.

«Pilotazale amorratua naiz eta seguru jarraituko dudala jokatzen»

-Pilotazaleon sentsazioa beti izan da ahalmen eta talentu handiko mutila zarenarena; zer falta izan zaizu arrakasta lortzeko bidean?

-Pilotari ausarta izaten ahalegintzen naiz eta nik uste jendeak hori eskertu egiten duela. Kirol momentu onak bizi izan ditut, eta ez hain onak ere bai. Agian hiru urte hauetan erregulartasuna falta izan zait arrakasta lortzeko. Zaindu egin naiz eta arlo guztietan prestatu naiz; teknikoan, fisikoan edota psikologikoan. Aipatu bezala hobetzeko tartea ikusten nion nire buruari eta ibilbidea goia jo gabe, azkarregi, bukatzen zaidala sentitzen dut.

-Nola sentitu zara azken egunotan?

-Azken hilabetea sentsazio arraroekin bizitu dut. Badakizu zure profesional ibilbidea bukatzera doala, azken entrenamenduak, azken partidak... Gainera, nahi ez duzun amaiera bat denean are eta zailagoa da. Ibilbidea ongi bukatu nahi nuen, baina zaila da emozio guzti horiek kontrolatzea eta ez dut asko disfrutatu.

-Beasainen jokatu zenuen azken partidan pankarta bat ikusi genuen armailetan zenituen lagunen artean, zer zioen?

-'Esfortzuz eta ilusioz bide bat duzu bete, eta zurekin eongo ga datorrenean ere. Aupa Antuan'. Lagun asko inguratu ziren Beasainera eta beraiek eskainitako pankarta bat izan zen. Nire gertuko jende asko etorri zen azken partidura. Azken egunotan gertuko jendearen eta herritarren berotasuna jaso dut eta ibilbideko amaieran horrekin geratzen naiz.

-Egoera zail hauek dira gehien indarberritzen laguntzen dutenak ezta?

-Bai, inongo dudarik gabe. Niretzat ez dira egun errazak izan eta nire gertukoen babesa eta berotasuna jasotzeak indarra ematen dit aurrera jarraitzeko. Alde horretatik, denei nire eskerrik onenak eman nahi dizkiet: lehenik, noski, familiakoei eta neskalagunari, beti ondoan izan ditudan lagun guztiei, enpresako kide izan ditudan pilotariei zein entrenatzaileei eta nola ez, herritarrei.

-Zer izan da pilota mundu profesionalak eman dizun onena? Eta txarrena?

-Pilota profesionalak momentu on eta lagun on asko eman dizkit. Partidu eta entrenamendu bakoitzaz disfrutatzeaz gain, beste pilotariekin harreman estuak egin ditut. Aldagela barruan zein kanpoan giro ezin hobean momentu on asko igaro ditugu elkarrekin, tartean ameriketara eginiko bidaia bat barne. Eginiko erlazio hauek bizitza osorako dira eta nirekin eramango ditut aurrerantzean ere. Momentu txarrei dagokienez, txapelketa bat mimo eta dedikazio osoz prestatzea eta emaitza esperotakoa edo nahi bezalakoa ez izatea egin zait gogorrena, ibilbidea bukatzeko era garratz honekin batera noski.

-Pilotarekiko duzun lotura ez dut uste hemen amaituko denik, jokatzen jarraitzeko asmoa duzu ala beste esparru batean arituko zara?

-Oraindik ez dut gehiegi pentsatu horretan. Ibilbide profesionala ahalik eta ondoen ixten zentratu naiz. Orain agian denbora tarte txiki bat hartuko dut gauzak ongi pentsatu eta ideiak argitzeko, baina pilotazale amorratua naiz eta modu batean edo bestean seguru jarraituko dudala pilotan jokatzen.

-Ikasketen bidetik jotzeko intentziorik?

-Ingeniaria naiz, prozesu industrialetako ekoteknologien ingeniaria hain justu. Hala ere, ikasketekin jarraitzeko asmoa dut, irakaskuntzako masterra ikasiko dut. Argi dago alde horretatik ere bizitza aldatu egingo zaidala, goiz edo beranduago pilota ez den beste ogibide bat bilatu beharko dut.

-Pilotan emandako orduek gauza asko egiteko aukera kenduko zizuten, orain, beraz, zertarako duzu gogo edo ilusio handiena?

-Egia da orain arte pilotari eskaini diodala ia nire dedikazio osoa, baina zoriontsu izan naiz gehien gustatzen zaidana egiten. Hala ere, badira lehen egin ezin nituen gauza ugari orain egin nahi ditudanak: bidaiatzea, bizikletan ibiltzea, mendira maizago joatea edo beste kirol batzuk probatzea.