Amaitzear da Euskal Herriko pala irekiaren txapelketako lehen fasea

Bederatzi partida jokatu ziren pasa den asteburuan Madalensoro pilotalekuan. /  GOIZARIN
Bederatzi partida jokatu ziren pasa den asteburuan Madalensoro pilotalekuan. / GOIZARIN

Hamar partidu geratzen dira kanporaketa fasea asteko eta bederatzi asteburu honetan jokatuko dira

GOIZARIN OIARTZUN.

Pasa den asteburuan, Euskal Herriko pala txapelketa irekia barruan beste bederatzi partida jokatu ziren, Madalensoro pilotalekuan. «Partida orekatuak eta politak ikusteko aukera izan genuen eta baita emozio handikoak ere», adierazi du Martxel Toledo antolatzaileak. «Batik bat, hirugarren mailan Arruabarrena anaiek, Alain eta Enekok, Alegria eta Juarez bikoteari 25 eta 24 irabazitakoa», gaineratu du. Toledok nabarmendu du bi anaiak oso urduri hasi zirela, besteak beste, «lehen aldia delako txapelketa ofizial batean zuriz jantzita parte hartzen dutela eta horrek ziurrenik urduritasuna eragingo ziotela». Hala ere, «azken momentuan tanteoari buelta eman eta irabaztea lortu zuten, sailkapenean aurrera egiteko urrats sendo bat emanez». Partida bakarra gelditzen zaie jokatzeko eta hori bihar izango da Arregi eta Maizaren aurka.

Beste partida batzuetan ere joko ona eta oreka egon zen batik bat lehen mailan jokatutako bi hauetan: Antxordoki-Martikorena eta Txaparro-Azpeitia bikoteen artekoa, eta Arriaga-Telletxea eta Ubeda-Zumetaren artekoa. «Biak ala biak 25 eta 19 bukatu ziren eta lehen bikoteek irabazi zuten», dio Toledok.

Emaitzak

Bigarren mailan jokatutako partidan berriz, Olaizolak zorte txarra izan zuen, lesionatu egin baitzen eta Arana bikotekide zuela, 25 eta 20 galdu zuten Murua eta Arteagaren aurka.

Hona hemen pasa den asteburuko emaitza guztiak: 3. Mailan, Elizari-Eizagirre 10-25 Iraola-Laamirni; Alegria-Juarez 24-25 Arruabarrena anaiak; Ijurko-Goñi 12-25 Berasaluze-Barinagarrementería; Agirre-Mendigain 25-07 Martija-Galarraga; 2. Mailan, Murua-Arteaga 25-20 Arana-Olaizola; 1. Mailan, Goñi-Erburu 17-25 Irigoien-Almandoz; Antxordoki-Martikorena 25-19 Txaparro-Azpeitia; Arriaga-Telletxea 25-19 Ubeda-Zumeta eta Zabala-Arroniz 10-25 Arregi-Erleaga.

Hamar partidu gelditzen dira lehen fasea bukatzeko eta kanporaketa fasea hasteko. Horietako bederatzi asteburu honetan jokatuko dira. Horietatik, nabarmendu behar da Arizmendi eta Arbelaitz bikote oiartzuarrak jokatu beharrekoa, Arruti eta Murua bikotearen aurka.