Amaia Cortesek Kontserbatorioko Profesional titulua eskuratu du

Amaia Cortes musikari oiartzuarra. /  GOIZARIN
Amaia Cortes musikari oiartzuarra. / GOIZARIN

GOIZARINOIARTZUN.

Amaia Cortes Carrizo musikari oiartzuarra pozarren dago. Izan ere, Kontserbatorioko Profesional titulua eskuratu berri du. Pianista da Cortes gaztea. «Zazpi urterekin hasi nintzen Ibargain musika eskolan, eta berehala lehiaketetan parte hartzen hasi nintzen», adierazi du Cortesek. «Andoaingo piano lehiaketan bi aldiz ohorezko aipamena lortu ondoren, Donostian ospatzen den nazioarteko piano lehiaketan bigarren postua lortu nuen», nabarmendu du musikariak. Donostiako kontserbatorioan urte batez ikasi ondoren Salamancako kontserbatoriora joan zen ikasketak amaitzera.

Salamancan hainbat kontzertu eman ditu auditorioetan, azkena Salamancako kasinoan maiatzaren 27an. «Mendelssohnen Rondo Capricciosoarekin amaitu nuen kontzertua», gaineratu du.

«Oraingoz ez daukat pentsatua ikasketa musikalekin jarraitzea, urte betez kanpora ikastera noa eta. Baina itzultzen naizenerako beharbada Salamancako goi mailako kontserbatoriorako sarrera probak prestatuko ditut», aurreratu du. «Goi mailako sarrera probak prestatuko ditut nire oraingo irakasleak Celia Camarerok animatuta», dio pozik oiartzuarrak.