Altzibar auzoko presa bat eraisteko eskatu dute Eguzkik eta Ríos con Vidak

Aduriz sagardotegiaren parean dago eraistea eskatu duten presa hondarra. / GOIZARIN
Aduriz sagardotegiaren parean dago eraistea eskatu duten presa hondarra. / GOIZARIN

GOIZARIN OIARTZUN.

Eguzki eta Ríos con Vida talde ekologistek Oiartzun ibaian Aduriz sagardotegi parean dauden presa hondarrak eraisteko eskatu diote Ura agentziari. Halaber, bere garaian Estatuak helburu hidroelektrikoekin eman zituen eta presa honekin lotuta dauden gainerako eskubideak ere bertan behera uzteko eskatu diote.

Izan ere, «kontzesioa aspaldian ez da argindarra sortzeko erabili, eta, gauzak horrela, logikoa da erakunde publikoek eskubideak berreskuratzea eta ibaian barrena arrainen mugimendua zailtzen duten presa-hondarrak kentzea», gaineratu dute. «Eskaria kasu guztietan taxuzkoa bada ere, beharbada egokiagoa izango da Oiartzun ibaiaren kasuan, non habitata lehengoratzeko eta izokinen edo aingiren populazioak ugaltzeko ahaleginak egiten ari diren», nabarmendu dute.

Argi daukate bi taldeek: «Ura hartzeko eskubideak bertan behera uztea eta ibai barruko oztopoak kentzea (are gehiago aspalditik funtziorik ez dutenean, kasu honen gisan) helburu nagusienak dira ibaiak hobetzeko bidean».