Aiora Irazu palista, Europako txapelketarako sailkatua

Aiora Irazuk Europako txapelketan lehiatuko du udan. / GOIZARIN
Aiora Irazuk Europako txapelketan lehiatuko du udan. / GOIZARIN

GOIZARINOIARTZUN.

Aiora Irazu Garmendia oiartzuar piraguistak uztailaren 11-14an Pragan jokatuko den Europako txapelketan parte hartzeko txartela eskuratu berri du, junior mailan. Balentria hori lortuta, pozarren dago kirolari gaztea. «Maiatzean, Galizian jokatu zen sailkapen probetan parte hartu nuen eta A finalerako sailkatu nintzenez, Europan jokatzeko eskubidea lortu nuen», argitu du Irazuk. «K-1 kategorian jokatu nuen Galizian, sailkapena lortzeko», gaineratu du 17 urteko gazteak. Europan, dena dela, K-4 eta K-2 kategorietan jokatuko duela uste du ergoiendarrak.

Europako txapelketa prestatzeko, Portuburu baserriko alaba Sevillara joango da ekainaren 24tik uztailaren 4ra. «Han Espainiako beste palistekin entrenatuko dut eta Europan ahalik eta lan txukunena egiteko prestatu nahi dut», aitortu du kirolari gazteak.

Ergoiendarra hamar urterekin hasi zen piragua mundua ezagutzen. «Gurasoek animatu ninduten uda partean ikastaro bat egitera. Ama irundarra denez, Irungo Santiagotarrak elkartera jo genuen eta hantxe burutu nuen nire lehen ikastaroa», argitu du Irazuk. «Hamabost eguneko ikastaroa egin eta izugarri gustatu zitzaidan piraguan ibiltzea, eta berehala izena eman nuen elkartean eta alebinetan hasi nintzen astean hiru egunez entrenatzen», dio irribarrez. «Eta halaxe, jarraitu nuen urtez urte, entrenamendu egunak gehituz. Gaur egun astean sei aldiz entrenatzen dut, Pasaia Kayak elkartean. Astelehenetan izan ezik, egunero entrenatzen dut».

Palmares bikaina

Hasi bezain azkar lortu zituen lehen garaipenak oiartzuarrak. «Alebinetan Gipuzkoako txapelduna izan nintzen, 11 urterekin. Gero, Gipuzkoako bigarren sailkatu nintzen. Infantiletan, berriz, Gipuzkoako txapelduna izatea lortu nuen berriro, eta Espainiako hirugarrena, K-4 kategorian», zehaztu du. Lesioak ere izan ditu Aiora Irazuk eta haiek gaindituta, berriro ere markak puskatzen hasi zen. «Pasaia Kayak elkartean, Euskadiko txapelketa eraman dut; Espainiako maratoian hirugarren sailkatu naiz; zeharkaldian, berriz, bigarrena; eta iaz, Mallorcan hirugarren postuan amaitu nuen, 5.000 metroko proban; laugarren postuan, 500 metrokoan eta maratoian bigarren».

Aurtengo merituak ere ez dira makalak: «Sevillan, 5.000 metrokoan bederatzigarren amaitu nuen Espainiako txapelketan, junior mailan, baina 17 urtez azpiko mailan hirugarren postua eskuratu nuen». Eta marka berdinak burutu ditu 500 metroko eta 200 metroko probetan. Azkenik, hilabete honetan Bilbon Espainiako txapelduna izan zen Irazu, junior kategorian.

Uztailean Europan lehiatuko du Aiorak eta disfrutatzera joango dela nabarmendu du. «Etxetik kanpo lauzpabost egun egingo ditut Europan. Hara ikastea joango naiz, entrenatzaile eta kirolari berriekin». Zorionak, Aiora!