Aiako Harriko Parke Naturalean ibilbide gidatuak

GARAÑO OIARTZUN.

Iaz bezala, hilaren lehenengo asteburuan Aiako Harria Parke Naturalean kokaturik dagoen Errenteriako Listorreta-Barrengoloia aisialdi gunean uda honetako Natura-Giden Zerbitzu Ofiziala abian jarri zen.

Bertako Kultur Ondare eta bioaniztasun-maila altua Galemys, SL enpresako aditu baten eskutik ezagutzeko aukera paregabea da, dudarik gabe. Izan ere, gune honek Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) izendapena du, Natura 2000 Sarearen barruan babestua.

Honela, ibilbideen eskaintza 'Añarbe Baso- Erreserba' izeneko bisita gidatuarekin hasi zen pasa den hilaren 4an. Hilabete honetan beste saio bat izango da 26an, eta irailaren 15ean eta urriaren 7an ere aukera izango da ibilbide hau egiteko. Abiapuntua Idoia, Susperregi jatetxeko aparkalekua izango da, eta lau orduko iraupena du. Bisita honetara bertaratzen direnek, hemengo paisaia irekia apreziatzeko aukeraz gain, Malbazarko eta Pagosardeko hezegunetan aurki daitekeen flora eta fauna basatiak eta honen berezitasunak ezagutuko dituzte. Ibilbideak aparteko pagadietan barneratuko du bisitaria eta baso kudeaketarekin erlazionaturiko hainbat jokabide ikusteko aukera izango du.

Bestalde, iaz aurkitu ziren Arte Parietal Paleolitikoko aurkikuntzek berebiziko garrantzia emango diete Aizpitarte haitzuloetako bisita gidatuei, baita beren sarrera mugatu ere. Aurkitutako grabatuek arbasoen bizimoduari buruzko ezagutza handitzen dute, antzinatasuna, erabilitako teknika eta euren kontserbazioa direla medio, ezohikoak.

Bisita gidatuen eskaintza Lau Haizeta Parkea eta monumentu megalitikoak bisitarekin osatuta dago. Bertan, Txoritokietako estazio megalitikoa dago eta gure arbasoek legatuan eman ziguten hilobi monumentu desberdinak ikus daitezke. XIX. Mendeko San Marko eta Txoritokietako gotorleku militarrak eta bertako basoak eta hezeguneak ere ezagutzeko aukera dago.

Urria arte luzatuko da 12 bisita gidatuetako eskaintza. Guztiak goizeko 10:00tan hasiko dira, baina egutegi eta abiapuntu desberdinekin (Listorreta-Barrengoloiako Parke Naturaleko Bulegoa edo San Marko Gotorlekua), egin nahi den bisita motaren arabera.

Aizpitarteko leize-zuloetako aztarna paleolitikoak irailaren 1an eta 23an, eta urriaren 27an izango dira. Abiapuntua Listorreta-Barrengoloiako Parke Naturaleko Bulegoa izango da eta ordu eta erdi iraungo du. Aurkikuntzaren ondorioz, haitzuloak itxita daude, beraz, bisita gidatu hau eginez bakarrik sartu daiteke haitzulo barrura.

Lau Haizeta Parkea eta Txoritokietako Estazio Megalitikoa, berriz, etzi igandea -abuztuak 18-, irailak 9 eta 29, eta urriak 21. Abiapuntua San Marko Gotorlekua izango da eta bisita honek 3 orduko iraupena du.

Ibilbide gidatu hauen prezioa 2 eurokoa da pertsonako. 7 eta 16 urte artekoentzat, aldiz, euro batekoa eta 7 urtetik berakoentzat doan eskainiko dira.

Beharrezkoa da Errenteriako Turismo Bulegoan aurretik erreserbatzea edozein ibilbide gidatu egiteko, bai 943 494 521 telefonoan edota turismoa@oarsoaldea.eus posta elektronikoan ere. Turismo bulegoaren ordutegia: uztaila eta abuztuan astelehenetik igandera 9:00-14:00 / 16:00-19:00. Gainontzekoetan, asteartetik larunbatera 10:00-14:00 / 16:00-18:00 eta igandetan 10:00-14:00.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos