Aiako Harrian bizi diren sai arreak behatzeko bisita gidatua, igandean

Aiako Harriako sai arreak behatzeko aukera paregabea. /  GOIZARIN
Aiako Harriako sai arreak behatzeko aukera paregabea. / GOIZARIN

GOIZARIN OIARTZUN.

Datorren igandean, hilak 12, Aiako Harrian bizi diren sai arreak behatzeko bisita gidatua antolatuko dute Arditurri parketxeko arduradunek. «Irteera gidatuan Aiako Harrian habiak egiten dituzten hegazti sarraskijale horien bizimodua eta ohiturak hobeto ezagutzeko parada izango dute interesatuek», argitu du Itxaso Aritzeta Arditurriko arduradunak. «Arditurri parketxean sai arreen inguruan hitzaldi labur bat egingo dugu lehenik, eta horren ondoren, ibilaldi motz bat egin eta hegazti horiek teleskopio bidez ikusteko aukera eskainiko dugu», gaineratu du.

Hitzaldiak bi txandetan egingo dituzte: Euskarazko hitzaldia goizeko 10:00etan hasiko da eta gaztelaniakoa, berriz, goizeko 10:30ean. Horren ondoren, bi taldeek bat eginez ibilaldia egingo dute goizeko 11:00k aldera, teleskopioaren laguntzaz.

Plaza mugatuak

Bistaren prezioa 5 euro izango da. Lekua mugatua denez, aldez aurretik izena eman behar da. Horretarako, 943 49 50 69 edo 688 895 068 telefonoetara deitu edo arditurri@gipuzkoamendizmendi.net-era idatzi behar da.

Sai arreei buruzko hitzaldia osatzeko, argazki erakusketa prestatu dute Arditurri parketxean. «Apirilaren 28an zabaldu genuen eta ekainaren 2ra arte ikusgai egongo da», azpimarratu du Aritzetak. «Bertan, Aiako Harrian bizi diren sarraskijale horien argazkiak ikusgai daude. Urte askotan behaketa lanean aritu den Pako Garcia oiartzuarraren argazkiak dira», argitu du. Badira 20 urte Garcia Girizia Mendi Elkarteko kide dela eta hegazti horien behaketan zela handia.

Hurrengo behaketa

Datorren igandean bisitan parte hartzeko zailtasunak dituzten lagunek ekainaren 2an izango dute azken behaketa gidatua. Data horretan ere hitzaldiak bi txandetan egingo dira: euskarazko hitzaldia goizeko 10:00etan hasiko da eta gaztelaniakoa, berriz, goizeko 10:30ean. Horren ondoren, bi taldeek bat eginez ibilaldia egingo dute goizeko 11:00k aldera.