Aiako Harrian bizi diren sai arreak behatzeko bisita gidatuak egingo dira

Sai arrea arrautzarekin kabian, Aiako Harrian. /
Sai arrea arrautzarekin kabian, Aiako Harrian.

Argazki erakusketa ere zabalduko dute, Arditurri parketxean

GOIZARIN OIARTZUN.

Datorren igandean, hilak 28, Aiako Harrian bizi diren sai arreak behatzeko irteera gidatua antolatu dute Arditurri parketxeko arduradunek. «Irteera gidatuan Aiako Harrian habiak egiten dituzten hegazti sarraskijale horien bizimodua eta ohiturak hobeto ezagutzeko parada izango dute interesatuek», adierazi dute. «Arditurri parketxean sai arreen inguruan hitzaldi labur bat egingo dugu lehenik, eta horren ondoren, ibilaldi motz bat egin eta hegazti horiek teleskopio bidez ikusteko aukera eskainiko dugu», gaineratu dute.

Hitzaldiak bi txandetan egingo dituzte: Euskarazko hitzaldia goizeko 10:00etan hasiko da eta gaztelaniakoa, berriz, goizeko 10:30ean. Horren ondoren, bi taldeek bat eginez ibilaldia egingo dute goizeko 11:00k aldera.

Plaza mugatuak

Sai arreak behatzeko bisita gidatua egin daiteke 5 euroren truke. «Adin guztietako herritarrei zuzendua dago bisita», nabarmendu dute. Hori bai, aurretik erreserba egitea beharrezkoa izango da, plaza mugatuak baitaude. Bestalde, bisita egunean bertan, prismatikoak eramatea gomendatzen da.

Sai arreei buruzko hitzaldia osatzeko, argazki erakusketa prestatu dute Arditurri parketxean. «Apirilaren 28an zabalduko dugu eta ekainaren 2ra arte ikusgai egongo da», azpimarratu dute. «Bertan, Aiako Harrian bizi diren sarraskijale horien argazkiak ikusgai egongo dira. Urte askotan behaketa lanean aritu den Pako Garcia oiartzuarraren argazkiak dira», argitu dute. Badira 20 urte Garcia Girizia Mendi Elkarteko kide dela eta hegazti horien behaketan zela handia.

Hurrengo behaketak

Datorren igandean bisitan parte hartzeko zailtasunak dituzten lagunek maiatzaren 12an eta ekainaren 2an izango dituzte hurrengo behaketa gidatuak. Data horietan ere hitzaldiak bi txandetan egingo dira: Euskarazko hitzaldia goizeko 10:00etan hasiko da eta gaztelaniakoa, berriz, goizeko 10:30ean. Horren ondoren, bi taldeek bat eginez ibilaldia egingo dute goizeko 11:00k aldera.

Horrez gain, Arditurri meategira bisitak egiteko aukera ere egunero eskainiko dute, Aste Santuan eta baita Pazko Astean zehar (asteartean ezik itxita baitago). Aurre erreserba egitea gomendagarria da, eta horretarako Arditurri parketxera edota Errenteriako turismo bulegora deitu daiteke (turismoa@oarsoaldea.eus - 943 49 45 21). Informazio gehiagorako edo erreserba egiteko: 943 49 50 69 / 688 89 50 68 telefono zenbakira deitu daiteke; arditurri@gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatzi edota www.parketxesarea.org/arditurri orrialdea bisitatu.