Borrar
Arritxulo aterpetxea. GOIZARIN

Aiako Harria mendi martxa antolatu du Arritxulo aterpetxeak

Maiatzaren 16an egingo da eta zeharkaldiak 16 kilometroko luzera izango du

GOIZARIN

Oiartzun

Osteguna, 8 apirila 2021, 21:31

Comenta

Arritxulo aterpetxeak 'Aiako Harria Mendi Martxa' antolatu du maiatzaren 16rako. Hasiera eta bukaera Arritxulo aterpetxean izango duen ibilbidea zirkularra da: «Aritxulegiko lepotik GR 121 jarraituko du ibilbideak Arritxulangaña, Bianditzko lepoa eta Kausorotik pasaz. Behin Kausoko aparkalekuan gaudela PR GI 1006a hartuko dugu Oianlekutik pasaz. Hemendik PR GI 1007a hartuko dugu Urmandi leporaino, gero marka txuri-berdeak lotura PR GI1008 arte eta hemendik Arritxulo aterpetxera PR GI 1008 jarraituz», adierazi du Mikel Kintana aterpetxeko arduradunak.

Ibilbidean zehar Errenga eta Bianditzeko magal belartsuak, Oianlekuko mairu-baratzea eta pagadi zoragarriak ezagutzeko aukera izango du mendizaleak, homologatutako bideak erabiliz uneoro. «Helburua Oarsoaldeko natura-ondarea jendeari hurbiltzea da, bereziki Aiako Harria natura parkea, zailtasun tekniko gutxiko ibilbideaz gozatuz», argitu du.

«Parte hartzeko bi modu eskaintzen ditugu, ibilaldi neurtua eta mendi-lasterketa. Bi kasuetan ibilbide bera izango da», gaineratu du antolatzaileak. «Proposatzen dugun lehenengo aukera lehiarik gabeko ibilaldi neurtua egitea da. Banaka edo taldeka, norberak bere erritmoan ibilbideaz gozatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Covid-19ari aurre egiteko hartzen ari diren neurrien arabera, taldekide kopurua mugatua izan daiteke. Pizgarri modura, sari berezi bat emango diogu ibilbidea egiteko guk proposatuko dugun denboratik gertuen gelditzen den parte-hartzaile edo taldeari», zehaztu du.

Erronka handiago baten bila dabiltzanentzat, ibilbide neurtuaren bide bera eginez, mendi-korrikalariek euren burua probatzeko aukera izango dute. Lasterketaren irteera ibilbide neurtuarena baino lehenago izango da, eta ibilbidea egiteko denborarik gutxien behar duena izango da irabazlea.

Udal aterpetxea

Arritxulo Udal Aterpetxea Oiartzun eta Lesaka lotzen dituen errepidean kokatua dago, Aiako Harria natura parkean, Aritxulegiko lepotik metro gutxira. Aterpetxean ibilgailuentzako doako aparkalekua, jatetxea, tamaina ezberdineko sei logela eta dutxak aurki ditzake bisitariak. Bertan hasi eta amaituko da maiatzeko mendi martxa, goizeko 08:30ean, lasterketa eta 09:30ean, ibilaldi neurtua.

Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea, maiatzaren 4a bitarte. Horretarako, interesatuek www.kronoak.com helbidera jo behar dute.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Aiako Harria mendi martxa antolatu du Arritxulo aterpetxeak

Aiako Harria mendi martxa antolatu du Arritxulo aterpetxeak