'Abittu' egitasmoak 46 erabiltzaile izan ditu ikasturte honetan

Osasun zentrora zabaldu da zerbitzua oraingoan

GOIZARINOIARTZUN.

Jarduera fisikoa sustatzea helburu duen 'Abittu' egitasmoak 46 erabiltzaile izan ditu ikasturte honetan Oiartzunen. Ikasturtea bukatzearekin batera zerbitzuak oporraldia hartuko du eta azken asteetan udala, egitasmoan parte hartzen duten beste erakundeekin bildu da, jarraipena eta balorazioa egiteko: Eusko Jaurlaritzako 'Mugiment' egitasmoko arduradunekin, Gipuzkoako Aldundiarekin, Osakidetzako profesionalekin eta Abittuko orientatzailearekin.

Guztiek Abitturen ikasturtearen balorazio positiboa egin dute. «Zerbitzu honek daukan helburu nagusiena ez da pertsona aktibatzea, baizik eta aktibatze hori iraunkorra izatea», azaldu du Mikel Lopez zerbitzuko orientatzaileak.

'Abittu' 2018ko martxoan jarri zen martxan Oiartzunen. Aurten, Elorsoro kiroldegiko zerbitzua mantentzeaz gain, osasun zentroan ere martxan jarri da. Astean behin, Mikel Lopez orientatzailea bertan izan da medikuek jarduera fisikoa preskribatu dioten erabiltzaileei aholkuak ematen. Zerbitzuaren balorazioa, oso positiboa izan da. Aurtengo otsailean jarri zen martxan zerbitzua anbulatorioan eta ordutik, 35 lagun bideratu dituzte bertara. Jende gehien heldu den bidea izan da osasun zentroa; beste zazpi euren kabuz hurbildu dira eta gainerako laurak, Gizarte-Ongizate sailak bideratuta.

Erabiltzaileen ia % 59a emakumezkoa izan da eta ia denak (% 84,7) 40 urtetik goitikoa. Erabiltzaile gehienek jarduera autonomoak nahi izan dituzte, etxean edo kiroldegian euren kabuz egiteko modukoak.

Abittuko orientatzaileak erabiltzaile bakoitzaren jarraipena egiten du. Saio bereziak ere antolatu dira ikasturtean zehar: Kirol Astearen baitan Txarako zirkuitu bio-osasungarria nola erabili ikasteko tailer praktikoak izan ziren eta erorketak saihesteko bi tailer ere antolatu dira.

Irailean, berriz martxan

Irailetik aurrera berriz martxan egongo da zerbitzua Elorsoro kiroldegian zein osasun zentroan.

Horrez gain, bide berriak zabaltzeko ahalegina egingo du udalak. Hurrengo erronka, Gizarte-Ongizate saileko etxez etxeko zerbitzuaren erabiltzaileekin lanketa egitea. 'Ereiten', gizarte-bazterkeria arriskuan dauden Oarsoaldeko bizilagunen programarekin bideak urratzen ere saiatuko da, lehenengo kontaktuan bi aldeek interesa agertu baitute.